SAREk elkarretaratzeak egingo ditu Arabako herrietan ere, biziarteko kartzelazigorraren kontra
Sare Herritarrak salatu duenez, Arrasaten egitekoa zen mobilizazioa hutsaltzeko eta, kasu batzuetan, kriminalizatzeko ahalegina egin dute sektore mediatiko eta politiko batzuek. Konfrontazioa ez elikatzeko, Euskal Herriko plazetara eramango dute aldarrikapena. Hainbat deialdi daude Araban.
Duela aste batzuetatik hona, SARE sare herritarrak eta, zehazki, Arrasaten arlo horretan lan egiten duten pertsonek “presioa” jasan dutela salatu dute larunbat honetarako (irailak 18) Arrasaten egitekoa zen deialdia dela eta. SARE-Arrasatek deitutako ekitaldi horren helburua euskal presoei salbuespen-izaerarekin aplikatzen zaien legeria publikoki salatzea zen.
“Sektore mediatiko eta politiko batzuetatik, baita instituzional batzuetatik ere, giza eskubideen aldeko mobilizazio hau hutsaltzeko eta, kasu batzuetan, kriminalizatzeko ahalegina egin da, arrazoirik gabeko akusazioetan oinarrituta, eta behin eta berriro esan dute preso jakin bati egin nahi zitzaion omenaldia zela”, azaldu du SAREk.
Horren aurrean, “ez dutela inolako konfrontazio esparrurik elikatuko” arrazoitu dute eta Arrasaten egitekoa zen martxa bertan behera utzi dute. Halaber, Euskal Herriko plaza guztietan deitu dituzte elkarretaratzeak larunbaterako «Bizi osorako zigorrik ez! Giza Eskubidea, elkarbizitza, konponbidea» lelopean.
Hauek dira Arabako deialdiak:
Amurrio– 12:30 , herriko plazan
Agurain – 13:00, herriko plazan
Otxandio – 12:00, herriko plazan
Gasteiz – 12:00, Andra Mari Zuriaren plazan
Laudio – 13:00, herriko plazan
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!