Salburuako familiek auzo institutua 2024rako bermatzea eskatu dute
Eusko Jaurlaritzak 2021ean iragarri zuen Salburuako Insitutuko obrak 2022an hasiko zituztela, 2024-25 ikasturterako bukatzeko. Ordutik, baina, ez dute beste berririk izan. Errekabarriko Eguzki eta Salburua eskolako Aintzira guraso elkarteek agerraldi bateratua egin dute, Salburua auzoko institutua egitekoak diren lekuan, obren atzerapena salatzeko.
Eusko Jaurlaritzak 2021ean iragarri zuen Salburuako Insitutuko obrak 2022an hasiko zituztela, 2024-25 ikasturterako bukatzeko. Hori, Salburuako familiek hainbat hilabetez egoera salatu eta obrak hasi zitezela eskatu ostean. Jaurlaritzak hori esan zuenetik, baina, ez dute beste berririk izan. Gauzak horrela, Errekabarriko Eguzki eta Salburua eskolako Aintzira guraso elkarteek agerraldi bateratua egin dute, Salburua auzoko institutua egitekoak diren lekuan, obren atzerapena salatzeko.
“Iragarritako kronika bat balitz bezala, ez dira obrak hasi ere egin”, salatu dute. Ia hamarkada batez “behin eta berriz agindu eta ziurtatu zen” 2009an jaiotako ikasleak Salburuako institutuan matrikulatuko zirela, baina egun, DBHko 1. Mailan eta LHko 6. eta 5. mailan dauden ikasleek (guztira 350) eta LHko 4. maila ikasten ari direnak (beste 150) ez dute aukera hori izango. Hau da, 500 ikasle ezingo dira “institutura joan etxetik gertu”. Horren ardura Administrazio Publikoen utzikeriarena dela argudiatu dute familiek, bereziki Eusko Jaurlaritzarena.
“Nahikoa da gu ume gisa tratatzeaz. Gure ordezkariak arduratsuak eta zintzoak izateko eskubidea dugu. Salburuako Institutua behin eta berriz izan da beste zerbait estaltzeko iragarki ponposoa, eta dominak jartzeko erabiltzen zuten. Eusko Jaurlaritzak, Blanca Guerreroren bitartez, zentroa 2021ean irekita egongo zela ospatu zuen 2017ko ekainean. Urtebete geroago, obrak 2020ko abuztuan hasiko zirela iragarri zuten. Gasteizko Udalaren utzikeriak, ez dakigu nahita ala nahi gabe, eraikitzeko lizentzia urtebete baino gehiago geldirik egotea eragin zuen”, salatu dute.
Izan ere, 2021eko apirilean, Hezkuntza Ordezkaritzan Aintzane Arrese ordezkari berriarekin egindako bilera batean, obrak aurtengo urtarrilean hasiko zirela esan zieten familiei eta, gainera, haien kexa eta eskaerek eragindako “nahasmen eta haserrearen” berri eman zieten: “Argi dago ez zirela gehiegizkoak, garai hartan eraikita egon behar baitzuen”. Urtarrilaren 31n Jokin Bildarratzek obrak maiatzean hasiko direla ziurtatu zuen; horrela, baina, gaur egun Lehen Hezkuntzako 4. mailan dauden ikasleek ez dute auzoan eta etxetik gertu ikasteko aukerarik izango, matrikulazioak urtarrilean egiten baitira. “Hori guztia, atzeratu den enegarren data ontzat ematen badugu”, diote guraso elkarteetako kideek.
Aitzakiak, gezurrak edota erdi egiak entzuteaz nekatuta, 2024/2025 ikasturterako 4. mailako ikasleen matrikulazioa bermatzea eskatu dute Errekabarriko Eguzki eta Salburua eskolako Aintzira guraso elkarteek.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!