Prekarietatearen aurrean elkartasun feminista aldarrikatu du Aiaraldeko Mugimendu Feministak
Orozkoko Artiach enpresako eta Laudio eta Amurrioko Berriak supermerkatuetako langileekin elkartasuna adierazi eta hurrengo egunetan burutuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu du mugimendu feministak.
Martxoaren 8ko greba feministak piztu zituen Aiaraldeko bi lan gatazkari elkartasuna adierazi die Aiaraldeko Mugimendu Feministak, Orozkoko Artiach enpresako eta Laudio eta Amurrioko Berriak supermerkatuetako lan gatazkak hain zuzen. Bi lantoki horietako Emakume langileak, orduan atera ziren lehendabizikoz prekarietatea salatzera. “Aldibatekotasuna, lanpostu askotako ardurak ukatzea edo ezin hartzea, lanaldi zatikatuak, kontratu gabeko beharginak eta egutegia aukeratzerakoan gizonezkoek lehentasuna izatea” dira, besteak beste, mugimendu feministak salatu dituen egoerak
Aiaraldeko Mugimendu Feministak “babes osoa” helarazi die “Orozkoko Artiach eta Amurrio zein Laudioko Berriak supermerkatuetan borrokan dauden ahizpei”. Mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu dute, “kaleak gureak ere badiren espazioak (lantegiak, enpresak, plazak, tabernak…) zapalkuntzarik gabe bizi nahi ditugula aldarrikatzeko”.
Bihar, azaroak 14, Artiacheko langileak aterako dira kalera; 18:ooetan kotxe karabana bat osatuko dute Orozkotik eta 19:00etan manifestazio bat aterako da Laudioko Lamuza plazatik kaleratutako langileen berriz hartzea exijituko dute. Berriak supermerkatuetako langileek, aldiz, larunbatero lan uzteak burutuko dituzte eta supermerkatuen aurrean egingo diren kontzentrazioetara batzeko deia luzatu du mugimendu feministak; “Aiaraldear guztiei dei egiten diegu emakume* langileen borroka babestu eta prekarietatearen aurrean elkartasun feminista adieraztera”.
Geroz eta indartsuago gaudelako, ez gaude inoren menpe egoteko prest!
[HARIA] ⬇️⬇️⬇️ pic.twitter.com/OaHEybH3Ep
— Aiaraldeko Mugimendu Feminista (@AiaraldekoMF) November 12, 2019
Greba feministak piztutako bi lan gatazka
Orozkoko Artiach gaileta fabrikak, urte luzez ETT bitartez behin behineko kontratuak kateatuz egon diren 6 emakume kaleratu zituen, LAB sindikatuak salatu zuenaren arabera “17 urtetan 750 kontratu egin zituzten bata bestearen atzetik”. Lan ikuskaritzak enpresa behin behineko kontratupean zeuden 6 emakumeei kontratu mugagabea egitera behartu zuenean izan ziren kaleratuak. Kaleratzeak auzitara eraman eta dagoeneko baliogabetzat jo du epaile batek kaleratzeetako bat.
Berriak supermerkatuetan ere martxoko grebak piztu zuen lan gatazka. Maiatzean osatu zuten lehendabizikoz 25 urtetan langile komitea, LABek hauteskunde sindikalak irabazi ostean. Lan egutegiaren aldeko borrokari ekin zioten orduan, “langile bakoitzak aparteko 70-80 ordu egiten ditu urtean lan egutegi baten falta dagoelako” azaldu dute beharginek. Zuzendaritzarekin negoziazio mahai bat sortzea eskatzen ari dira protestetan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!