Porno Eskola, heziketa sexualerako tresna berria Gasteizen
Azaroaren 26an SUmendi Gazte Espazioan, Porno Eskola bera aurkezteaz gain, porno feministaren hastapenetan sakonduko dute. Interneten dagoen informazio guztia kritikoki eta etikoki erabiltzeko asmoa du eskolak.
Porno Eskola. Hori da Gasteizen martxan jarri duten tresna berria. Helburua, argia: heziketa sexualean sakontzea, pornografiari buruzko gida didaktiko bat baliatuz horretarako. Urriaren 26an aurkeztu zuten, baina jende dexente aurkezpen aretotik kanpo geratu behar izan zen. Hori dela eta, azaroaren 26an, beste aukera bat izango dugu Gasteizen Porno eskola barrutik ikusteko: SUmendi Gazte Espazioan tailerra.
“Konturatu ginen nerabeek sexuarekin zuten lehenengo kontaktua pornoa zela: ikastolan duten heziketa sexuala hutsuneak dituelako edo gurasoei galdetzea lotsa ematen dielako”, adierazio dio Hala Bediri Porno Eskolako kide den Iratxe Gilek. “Gainera, gurasoak ez daude hezituak galdera horiek erantzuteko”, gaineratu du.
Interneten dagoen informazio guztia kritikoki eta etikoki erabiltzeko asmoarekin, Porno Eskolaren asmoa heziketa sexualeko tresna bat eskaintzea da. Eta horretarako, nahikoa baliabide jarriko dituzte mahaiaren gainean. Ilustrazioak oinarri, eduki mapa bat landu dute. Horretaz gain, webgune bat ere martxan jarriko dute, unitate didaktiko ezberdinak oinarri moduan hartuz.
Pornoaren unibertsoa berreraikitzeko jaio da Porno Eskola: teoriak berresanez, akatsak zuzenduz, erabiltzaileak berrezituz eta pornografia feminista, bidezkoa eta ireki batera bideratuz. Gainera, gidaz gain, gai bakoitzeko unitate didaktikoak eskainiko dituzte, informazio guztia garatuz, bibliografia, estekak eta artikuluak eskainiz… Gasteizen jaio da, “baina gustora zabalduko genuke” adierazi du Gilek.
Hitzordua SUmendin
Azaroaren 26an, igandean, Porno Eskolako kideek tailer bat emango dute SUmendi Gazte Espazioan, Judimendin. Bertan, Porno eskola bera aurkezteaz gain, porno feministaren hastapenetan sakonduko dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!