PISAri ere, planto
LOMCE azterketarekin egin bezala, PISA azterketari ere planto egiten ari diote Arabako ikastetxe eta institutu ezberdinetan. Laudion, Amurrion eta Murgian, adibidez, ikasleek ez dute “inposatutako” azterketa egin.
Azkenengo berria Murgiatik iritsi da. Murgia BHI herri ikastetxeko ikasleek planto egin zioten apirilaren 24an PISA azterketari. “Zuzendaritzaren mehatxuak alde batera utzita, froga inposatuari planto egin” diotela adierazi zuten Ikasle Abertzaleek. Zentzu honetan, “kapitalaren mesedetara egokitutako froga eta morroiei” planto egiten jarraitzeko deia zabaldu dute sare sozialetan. Gogoratu beharra dago, ikastetxe bakoitzetik 53 ikaslek egin behar dutela azterketa, 2002an jaiotako 53 ikaslek.
Laudioko Insititutuko ikasleei, aldiz, apirilaren 19an PISA froga egin behar zutela jakinarazi zieten. Bi egun beranduago, goizeko lehen orduan, ikastetxeko liburutegian bildu ziren ikasleak. Bertan egitekoa zen azterketa baina ordenagailuak itzali eta asanblada egin zuten patioan. Minutu batzuk pasata eta ikasleak klasean ez zeudela ikusita, aztertzaileak alde egin zuen. Manifestazio bat egin zuten orduan, Laudioko ikastolara igoz babesa emateko bertako ikasleei: ikastola horretako kideek datorren astean egin beharko lukete PISA azterketa.
Egun batzuk beranduago, apirilaren 26an, errezeta berdina Laudioko ikastolan. Aiaraldea atariak adierazi zuenez, ikasleak patiora atera ziren azterketa egitera deituak izan zirenean.
Apirilaren 20an, aldiz, Amurrioko Zaraobe ikastolaren txanda izan zen. Bertan ere, aurrera egin zuen plantoak: klasetik irten ziren ikasleak eta soilik hiru ikasle geratu ziren klase barruan.
Honek, baina, beroketa lanak izan ditu. Aurreko asteetan, Ikasleok Zorrotz dinamikak hitzaldiak eman zituen Aiaraldeko ikastetxe guztietan eta orduan azaldu zen PISA Europar mailako rankinga egiteko baino ez dela eta gainera aurten ez dagokiela froga hau egitea, soilik urte bakoititetan egiten delako berez.
Gainera, maiatzaren 7tik aurrera DBH 4.mailako errebalida dago eta Amurrioko Zaraoben, Laudioko Ikastolan eta Laudioko institutuan tokatu da, PISA froga bezala.
- LOMCE eta Heziberrik “inposatutako” azterketari planto egiten ari zaizkio
- “Las familias tienen que recibir la información para poder contrastar y tomar una decisión”
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!