Pinto 20 bloke okupatua desalojatu dute
Udaltzaingoak Pinto 20 bloke okupatua desalojatu du ekainaren 25eko goizean, nahiz eta barruan jada gazterik ez egon bizitzen. Alokairu sozialerako berritua izan zen Pinto kaleko bloke hau salmentan jarri dute Ensanche 21ek eta Gasteizko Udalak. “Ez da kasualitatea, salgai dagoen bloke bakarrean bizi garen gazteok sententzia kondenatzailea jasotzen lehenak izatea”, salatu dute gazteek.
Urtebete igaro da Alde Zaharreko Kutxi 92, Pinto 20 eta Txikita 12 blokeek bizitza berreskuratu zutenetik. Udaletxeak gazteei bideratutako etxebizitza sozialak izango zirela adierazi zuen arren, sei urte igaro zuten hutsik, gazteek gazteriarentzako zena berreskuratzea erabaki zuten arte.
2018ko ekainaren 25ean, ordez, Udaltzaingoak Pinto 20 blokea desalojatu du: etxebizitza hau gazterik gabe geratu da berriz. Ensanche 21ek jarritako salaketa bat dela medio, udaltzainak 08:00ak aldera hurbildu dira blokera. Atea apurtu ostean barrura sartu dira, baina ez zegoen gazterik.
Alokairu soziala?
Ensanche 21ek Udalaren diru publikoarekin berriztutako blokeak dira hauek. Gazteriari alokairu soziala eta duina eskainiko zitzaiela adierazi zuten bere garaian, etxebizitzaren aferaren konponbide bat emateko intentzioarekin. Hala ere, asmoak eta hitzak ez zituzten bete.
Sei urte eta gero, bi gaztek baino ez zuten lortu izena ematea eta Ensanche 21ek jarritako baldintza zorrotzak betetzea. Izan ere, bloke batean soilik, Kutxi 92an, zabaldu zen izena emateko aukera, eta horretan parte hartzeko oso gazte gutxik bete zitzaketen bertan eskatzen zituzten baldintzak. Gasteizen hiru urte baino gehiago erroldatuta eramatea, soldata eta kontratu egonkorrak izatea eta adin tarte horretarako zurrunak diren beste baldintza batzuk. Alokairu soziala izenarekin batailatuta zegoen horrek, soldataren bi heren inguru suposatzen zizkion gazte bakar bati.
Gazte Emantzipaziorako Sareak jakitera eman zuenez, etxebizitza hauek okupatzearekin batera, Udaletxearen eta Ensanche 21en “joko zikinak” eman nahi zituzten aditzera: bloke hauetatik etekin ekonomikoa eskuratu diru publikoa baliatuz horretarako.
Gazteei bideratuta zegoena, salmentan orain
Alokairu sozialerako berritua izan zen Pinto kaleko bloke hau salmentan jarri dute. “Ez da kasualitatea, salgai dagoen bloke bakarrean bizi garen gazteok sententzia kondenatzailea jasotzen lehenak izatea”, salatu dute.
Gainera, ez da etxebizitzari soilik mugatutako proiektua izan Pinto 20 etxe okupatuarena. Gazteek berreskuratutako beste bloke askorekin egin bezala -Kutxi, Txikita, Korre…- erabilera soziala ere jarri dute martxan: auzoko jaietan parte hartu dute, arropa modu kolektiboan garbitzeko mekanismo kolektiboa jarri zuten martxan Txikita kalean…
Hala ere, traba asko izan dituzte jada gazteek. Besteak beste, bi aldi ezberdinetan moztu die argia Iberdrolak. Bi kasuetan, erantzun zabala izan zuten argi-mozketek, Gasteizko erdialdean eta Alde Zaharrean egindako mobilizazio jendetsuetan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!