Pikete feminista egin dute Palacio Elorriaga hotelean, “emakumeenganako diskriminazioan” oinarritutako kaleratze bat salatzeko
2018ko irailean, Palacio Elorriaga Hotelak, zazpi urteko harremana eta gero, haurdun egoteagaitik langile bat kaleratu zuen. LAB sindikatuak “indarkeria matxistaren eta emakumeenganako diskriminazioan” oinarritutako hiru kasu salatu ostean, pikete feminista egin du ostiralean hotelaren aurrean. Langileak kaleratzea salatu zuen eta, momentuz, epaiaren zain daude.
LAB sindikatuak lan munduan “indarkeria matxistaren eta emakumeenganako diskriminazioaren” hiru egoera salatu ostean, kalera atera nahi izan dituzte lan munduan emakumeek pairatzen dituzten diskriminazio eta indarkera kasuen salaketak. “Tamalez ez dira kasu isolatuak, ez dira ematen diren lehenak ezta azkenak ere”, esan du sindikatuak.
Hiru salaketa jarri dituzte mahaiaren gainean. Transportes Hombres Barreira enpresan sexu-jazarpen kasu bat eman da hilabeteetan zehar bertako emakume baten aurka; 2018ko azaroaren 2an, Arabako Foru Aldundiak azpikontratatutako enpresa batean ere sexu-eraso saiakera bat egon zen; eta, azkenik, Palacio Elorriaga Hoteleko kaleratze bat.
Azken honen sarreran, LAB sindikatuak, Mugimendu Feministaren laguntzarekin, pikete feminista bat burutu du otsailaren 1ean, ostiralean. Izan ere, 2018ko irailaren 25ean Palacio Elorriaga Hotelak, zazpi urteko harremana eta gero, haurdun egoteagaitik langile bat kaleratu zuen.
Hotelak emakumeak bere haurdunaldia enpresari jakinarazi eta bi aste barru notifikatu zion kaleratzea. Langileak kaleratzea salatu zuen, eta urtarrilaren 22an epaiketa ospatu zen: momentuz, epaiaren zain daude. Piketean bertan, hotelak daukan patioraino sartu dira bertaratutakoak.
“Lan munduan emakumeok diskriminazio eta indarkerari aurre egiten dizkiegun egoerak egunero gertatzen dira. Baina ez dira kontatzen, ez dira salatzen, ez dira ezagutzera ematen”, esan du sindikatuak.
Kasu gehiago
2018ko azaroaren 2an Arabako Foru Aldundiko azpikontrata bateko langile batek bere lankide emakume bat sexualki erasotzen saiatu zen. Langileak Ertzaintzaren aurrean gertaera salatu zuen eta erasotzailea derrigortze arin delitu batengatik kondenatua izan da, urruntze-agindua ere ezarri diotelarik.
Hau guztia jakinda ere enpresak ez ditu neurriak hartu, ez erasotzailea kaleratzeko ez eta prebentzio neurriak hartzeko honelako gertaerak berriz ere gerta ez daitezen. LAB sindikatuak azpimarratu duenez, ez Arabako Foru Aldundiak ezta enpresak ere ez dute jazarpen sexuala zein sexuagatiko jazarpenaren kontrako protokolo zehatzik.
Transportes Hombres Barreira garraio-enpresako langile batek jazarpen sexuala jasan du bere lankide eta nagusien partetik. Jazarpen sexual hau hilabete askotan zehar luzatu da langileak salatzea erabaki duen arte. “Enpresaren zuzendaritza egoera honen konplizea izan da, ez bakarrik langilea babesteko neurriak ez dituelako hartu, baizik eta bere datu pertsonalak akosatzaileen eskura jarri dituelako”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!