Pertsona pertsona denez gero (M29)
2012-04-01eko saioa. Entzun hemen
http://celosamentegordea.tumblr.com/
Hiltzeko era ugari dago
hiltzeko modu asko.
Sabelean labana sartu ahal dizute,
ogia ukatu,
Gaisotasun bat sendatu ez.
Hiltzeko era ugari dago.
Etxebizitza kaxkar batean sartu,
zeure buruaz beste egitera bultzatu,
lanaren bitartez heriotzera arte torturatu,
gerrara eraman, eta abar, eta abar.
Hauek guztietatik oso gauza gutxi
daude debekatuta gure estatu honetan.
Bertol Brecht
(Saioko zenbait testu falta dira hemen. Barka eragozpenak)
I)
Hitzek baltsamurako eta kontsolamendurako balio dute. Hizkuntzak sendatu egiten ditu gure minak, ukendu dira zaurientzako. Eman ahal digute era berean animoa, indarra, aurrera jarraitzeko adorea. Hitzak dira burmuinean landatutako loreak, kolore printzak betazaletan.
Hitzek baltsamurako eta kontsolamendurako balio dute, baina egin dezakete greba ere. Batez ere, beren esanahia galdua duten hitz batzuek. Zeren eta, galde iezaiozu zein hitzek kontsolatuko duen ogia falta duenak. Pertsona pertsona denez gero zer behar duen, Brechtek diosku argi eta garbi:
Pertsona pertsona denez gero,
ogia jan nahi du egunero.
Hitz hanpaturik ez berari,
jan nahi du eta ez berbarik.
II)
Egin behar dena ez egiteak aberasten zaituen
Egiteko agintzen dizutena ez egiteak onik dakarkizun
Egiteko ohitura daukazuna ez egitea ona den zuretzat
Egitea komeni dela diotena ez egiteak onurarik sortzen duen zugan
Zalantza izatea arrunta da, gugan daramagu, zalantza gurea da
Beste batzuek, gero eta gehiagok, zalantza bera izatea sumatzen dute faltan
Egiteko agintzen dizutenari erantzun automatikoa ematea
Berez ateratzea gogotik, asko pentsatu gabe, erreakzio bat-batekoa
Zalantza izpirik gabe erantzun bat ateratzea, burmuinaren zolatik
Indarra izatea arrunta da, gugan daramagu, indarra gurea da
Zalantzarekin elikatzen den indar hori, indar gurea
III)
Etorkizuneko jendeari (zatiak). Bertolt Brecht (Itzul.: Joseba Sarrionandia)
Desordenu harotan ailegatu ginen ziudadeetara,
Gosearen jabego zirenean.
Iraultza haroan bildu ginen lagunekin
Eta haiekin batera altzatu ginen.
Horrela iragan zen urrean
Bizitzeko eman zitzaigun denbora.
Bataila baten eta bestearen artean jan genuen
Hiltzaile artean etzun nintzen lo egiteko.
Amodioa arretarik gabe egin
Eta natura, ezinegonez behatu genuen.
Horrela iragan zen lurrean
Bizitzeko emana zitzaigun denbora.
Gure indarrak eskasak. Helburua
Oso hurrin zegoen.
Aisia ikusten zen, nahiz eta guretzat
Hatzemangarria ez izan.
Horrela iragan zen lurrean
Bizitzeko eman zitzaigun denbora.
IV)
Etorkizuneko jendeari (zatiak). Bertolt Brecht (Itzul.: Joseba Sarrionandia)
Zuek, gu murgildu gareneko mareatik
Sortuko zaretenok,
Gure ahuldadeak apatuko direnean
Pentsa ezazue haro hitsetatik
irten zaretela.
Guk herriz ere aldatu beharra izaten genuen,
zapataz aldatzen den bezala,
Gure herrian injustizia besterik ez zegoenean,
hasarrerik aski ez zegoenean.
Eta hala ere badakigu:
Zikinkeriarekiko arbuioak ere
masaila itxuraldatzen du.
Injustiziarekiko gorrotoak
abotsa lazten du. Ai, gu,
Mundu amoltsua eraiki nahi genuen eta
ezin ginen izan geu amoltsuak.
Zuek, halabaina, gizona gizonaren lagun
izanen deneko haroak iristean,
Pentsa ezazue gure haroetaz eta
Izan zaitezte bihozberak gurekin.
V)
Esperimentu biopolitikoa kalean. Iñigo Astiz
Nazkatu naiz horrenbeste bertikaltasunez.
Hainbeste mende, hainbeste hautaketa, eta zer?
Etzan naiz, eta hemen aldarrikatzen dut bizitza,
errealitatea gertatzen den bidegurutze honetan.
Badaude gehiago, baina hau da nirea, hemen eteten
eta elikatzen du mundua nire identitateak.
Hemen altxatzen naiz kapitalismo mundialaren aurka,
eta hemen sentitzen ditut bere atzapar gozoak,
bere kapital, salgai eta jende zirkulazio kodetua.
Berdin dio. Bazterrean uzten ditut hiltzen
saltzen dizkidan bizi-erosotasun guztiak.
Jendea ez; hurbildu egiten zait. Begira dauzkat
erakusleihoak ikustera etorri diren familiak.
Ez diet ezer saldu nahi eta ez dira nitaz fio.
Udalari kexaren bat jarriko dioten irrikatan nago;
sala nazatela, eska ditzatela karbono frogak-edo.
Nik ere jakin nahi dut nire hezurretatik zenbatek
ageri duten bizitza mota arrastoren bat eta
etorriko den zer giza klaseren katebegi naizen.
Dirua non bota ezin asmatuz dabil baten bat, eta
elkartasuna azaldu gogoz beste bat. Aldarrikapen
gisakoren baten bila irakurtzen ditu nire adarrak.
Alferrik. Zenbatez den errazagoa hiltzea bizitzea baino,
hori da mezua: eta aski zaidala bizitza bizi nahiarentzat.
Ez da gutxieneko kontsigna izatera heltzen.
Txandaka, erraz aspertzen dira denak eta badoaz.
Sustraiak nahi nituzke eta eternitate zantzuren bat
inguratzen nauen konkrezio nahaspila honetan.
Zerua ikusten dut eraikin artetik, zeru puska bat,
hodei batzuk. Begirada aspertuz jarraitzen ditut;
mugitzen dira, desagertzen dira. Ez didate balio.
Behin esan zenidan literatura edo gorputza
besterik ez genuela merezi eta arrazoia zenuen.
VI)
Harreman txarrik gabe ez dago pertsonarik
Harreman onik gabe pertsonarik ez dagoen bezala.
Harreman txarra onarekin nahasterakoan sortzen da arriskua
Norbanakoa nabarmentzen da orduan, taldearen gainetik.
Nola jarri ados, nola altxatu ahots bateratu bat
Harreman eskasez eraikitako talde baten ahotik?
Kalitate txarreko harremanak, desertuaren erdiko herrietara doazen
Hari elektrikoak bezalakoak dira.
Baina, nola esan, nondik hasi:
Eri dagoenak egiten du oihu zorrotzen
Kristala hausteko moduko txilioa egin dezake gaixorik dagoenak.
Subjektu halamoduzko bat, eskaera indartsu bat
Bidea eta helmuga
Jatorria sendatzeko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!