Paroak egingo dituzte Alestis enpresan azken kaleratzea salatzeko
Gaur hasi dira Alestis-eko Enpresa Batzordeak deituriko lanuzteak. Hurrengo lau egunetan egingo dituzten mobilizazioekin urtarrilean kaleratutako langile baten egoera salatuko dute.
Miñaoko Alestis enpresako langileek hurrengo lau egunetarako antolatutako lanuzteen lehena egin dute gaur eguerdian, 11:00etatik 12:00etara. Urtarrilaren 10ean enpresako zuzendaritzak egindako kaleratzea salatu nahi dute horrela. Enpresak langile bat kaleratu zuen Langileen Estatutuko 54.2.d artikulua baliatuta, hots, kaleratze disziplinario bat.
Langileen ordezkarien iritziz kaleratzeak “ez dauka izateko arrazoirik eta ez du legalki inongo sustengurik“. Kaleratzea justifikatzeko erabilitako argudioak “zentzurik gabekotzat” jo ditu enpresa batzordeak eta kaleratutako langileari egotzitakoak gezurtatu ditu. Kaleratze libre baten aurrean daudela salatu dute langile ordezkariek: “Enpresak gaitasuna dauka inongo arrazoi errealik eman gabe langile bat kaleratzeko, eta, okerrenez, bidegabetzat eman daitekeela eta diruarekin konpondu”.
Alestis enpresaren jokabidea salatzeko lanuzteak egingo dituzte gaurtik hasita urtarrilaren 23ra arte, hiru txandatan: 11:00etatik 12:00etara, 16:00etatik 17:00etara eta 22:00etatik 23:00etara. Mezu argi bat bidali nahi diote zuzendaritzari, ez dutela kaleratze librerik onartuko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!