Osasun Zentroetan mobilizatzeko deia egin dute, Lehen Arreta eta osasun publikoa defendatzeko
Gaur, abenduak 22, mobilizazioak deitu dituzte SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Osasun Zentroetan, eguerdiko 13:00etan. Urteak daramatzate mobilizazio eta greba bidez salatzen Lehen Arretaren egoera "penagarria", eta pandemiaren kudeaketak areagotu egin du arazoa.
Gaur, asteazkena, mobilizazioak egingo dituzte EAEko Osasun Zentroetan, SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitua. Batzeko deia luzatu diete herritarrei, kalitatezko Lehen Arreta eta osasun publikoa defendatzeko.
Ez da Lehen Arretaren egoera latza eta gabezia estrukturalak salatzen dituzten lehen aldia. Arabako Lehen Arretako Batzordeak joan den azaroaren 25ean publikoki salatu zuen Arabako Osasun Zentroen «egoera penagarria». Azaldu zutenez, urteak daramatzate mobilizazio eta greba bidez murrizketen berri ematen: kontratazio berrien eza, bajan edo oporretan dauden langileen ordezkapenik eza, lan-karga jasanezinak edo San Martingo Etengabeko Arreta Gunea ixtea kasu.
Abenduaren 16an egindako mobilizazioetan, Osakidetzak aurkeztu duen «Euskadiko Lehen Mailako Arretarako Estrategia» dokumentuan jarri zuten arreta, langileen batzordearen ustez, «ez baita nahikoa», ez dagoelako zentratua «osasun-zentroak igarotzen ari diren egungo egoeran». Ikuspegi estrategikoa aldatzeko beharra azpimarratu dute ordutik eta Osasun Sailak eta Osakitzeak «konprimiso erreal eta eraginkorra» har dezatela exijitu.
Osasun Zentroetan intzidentzia «izugarri» ari da handitzen eta langile kopuru murriztuarekin ari dira lanean, askotan, gainera, osasun-zentro zaharkituetan eta pandemiaren aurretik zentro horietan egiten ez ziren lan-karga berriekin.
Besteak beste, covid-19arekin lotutako zereginak ere hartu dituzte bere gain: «covid-aren txertoa jartzea gripearen txertoarekin batera, antigenoen eta PCR probak egitea paziente susmagarriei, espezialistek eskatutako elektrokardiogramak egitea, Covid pazienteari aurrez aurreko zein teléfono bidezko artatzea ordu-tarte jakin batzuetan…». Horri guztiari osasun-zentroetako aurretiazko gehiagizko lan kargak gehitu behar zaizkio, gainera: «horren guztiaren ondorioz, osasun-arloko profesionalen agendak, hala medikuntzakoak nola erizaintzakoak, gainezka daude, eta administrazio-arloek itxaronaldi onartezinak dituzte».
Egungo osasun politikaren ondorio
Osasun publikoaren egoera politika jakinen ondorio da; lehen mailako arreta, gaixotasunen prebentzioa eta osasunaren sustapena «alde batera uzten dituen egungo osasun-politikarena», hain zuzen ere, Arabako Lehen Arretako Batzordearen hitzetan. Eredu horrek makro ospitale-guneen aldeko apustua egin du, industria pribatu bioteknologiko eta farmazeutikoentzat erakargarriagoak direlako.
Lehen Arretak gaixotasunaren prebentzioan eta osasunaren sustapenean lan egiten duten diziplina anitzek osatutako taldeek emandako arreta integrala bermatu behar du. Horiek dira familia-medikuntzako, pediatriako eta geriatriako langileak, erizaintzako langileak, psikologoak, gizarte-langileak, fisioterapeutak eta nutrizionistak, besteak beste.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!