OkupaTU Gasteizek urriaren 6ko kartela aurkeztu du, “belaunaldi berriei ateak parez pare irekitzeko”
Urriaren 6a “ospatzeko eta aldarrikatzeko” eguna izatea nahi dute Hala Bedik, Gasteizko Gaztetxeak, Auzolana pilotalekuak eta Errekaleor Bizirikek. Jolas okupak, umeentzako txokoa, herri bazkaria, Zea Mays, Karrocerias Betoño… egongo dira eta ekimen nagusia 13:30ean izango da.
Gero eta gutxiago falta da antolatzaileek “historikoa” izatea nahi duten egunerako: urriaren 6an OkupaTU Gasteiz eguna ospatuko dute Hala Bedik -35 urte-, Gasteizko Gaztetxeak -30 urte-, Auzolana pilotalekuak -10 urte- eta Errekaleor Bizirik-ek -5 urte-.
Azaldu dutenez, urriaren 6a “proiektu hauek bizi-bizirik daudela aldarrikatzeko eguna izango da”. Aldi berean, baina etorkizunera begirako egun bat izatea nahi dute urriaren 6a, “belaunaldi ezberdinei ateak parez pare irekiko dien eguna”.
“Hilabete oso bereziak izan dira azken hauek. Izan ere, eragile ezberdinon artean esperientziak eta antolatzeko moduak elkarbanatzeko aukera izan dugu askotan uste baino gehiago luzatu diren bilerekin, komisio ezberdinekin, jaialdiak antolatuz… Orain, ospatzeko eta aldarrikatzeko egun handiena iritsi da”, adierazi dute Matxete plazan eskainitako agerraldian.
Gutxi gorabehera, 20 bat eragileren parte hartzea egongo da egunean bertan, modu zuzen zein ez-zuzenean: turnoak, tailerrak, herri azoka, bazkaria… “Eragile hauek Hala Bedi, Gaztetxea, Auzolana eta Errekaleor elikatzen dute, guk geuk eragile hauek elikatzen ditugun bezala. Zinez diogu: harro egoteko modukoa da Gasteizek duen herri mugimendua”.
Lau eragile nagusiez gain, beste 20 eragilek hartuko dute parte OkupaTU Gasteiz egunean
Zea Mays, Karrocerias Betoño, Mobiduki, Jolas Okupak…
Urriaren 6an 20 ekimen edo kontzertu baino gehiago egongo dira Gasteizko erdialdean, espazio ezberdinak erabiliz horretarako. Herri bazkaria, adibidez, Santa Maria plazan izango da; belaunaldi ezberdinetako herritarrak bildu nahi dituzte eta horretarako tiketak salgai daude Parral, Hala Bedi eta Kandela tabernetan.
Goizean zehar ekimen ezberdinak egongo dira: eragile ezberdinek herri azoka osatuko dute Kutxi kalean, umeentzako gunea egongo da Etxanobe plazan, Rafa plazan mahainguruak eta tailerrak eta Burulleriasen jolas okupak. Sorpresak iragarri dituzte hauetako espazio bakoitzean.
13:30ean ekimen guztiak bertan behera geldituko dira. Una horretan, eguneko ekitaldi nagusia izango da, Mobiduki, Burullerias plazatik abiatuko dena.
Gaztetxea egun guztian zehar egongo da zabalik. Arratsalde partean, berriz, artista lokalek protagonismoa izango dute mikro ireki batekin. Gaueko ordu txikitan, DJ-ak.
Matxete plazan, non afaltzeko aukera egongo den, hiru kontzertu: Trikoma, Mendialdeatik datorren talde gaztea; Karrocerias Betoño talde punkia egun honetarako bueltatuko da urte luzez jo gabe egon ostean; eta Zea Mays.
Egunean zehar, informazio gunea egongo da Alde Zaharreko sarrera, gauean afariak Matxete plazan eta egun guztian zehar materiala salgai. Antolatzaileek argi utzi nahi izan dute ez dela inolako eraso sexistarik onartuko. Hori dela eta, Gasteizko eragile feministekin elkarlanean daude.
Egitaraua, orduz ordu eta gunez gune
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!