Ocalanen aldeko martxa luzea; Luxenburgotik sarrera txiki bat
Urte luzez Imrali irlako biztanle bakartua eta isolatua da Abdullah Ocalan, baina herri oso baten ahotsa ere. 1999tik preso daukaten PKK-ko buruzagi kurdua terrorismoagatik kondenatua izan zen. Azken urteetan espetxeratze baldintza ankerrak direla medio, Ocalanen osasunak okerrera egin du. Egoera honen aurrean, herri kurduaren babes erakustaldiek ez dute etenik izan, eta Kurdistanetik mundura zabaldu dira bere askatasuna eskatzen duten aldarrikapenak.
Horren erakusgarri izan da asteazkenean Luxemburgotik hasi den Lehen Nazioarteko Martxa Luzea. Otsailaren 1etik 11ra Luxemburgo eta Estrasburgo lotuko dituen martxa honek bi aldarrikapen nagusi ditu, alde batetik, Abdullah Ocalanen eta gainontzeko preso politiko kurduen askatasuna eskatzea, eta bestetik, Kurdistanentzako estatus politikoa exigitzea. Finean, egun bizi den egoera latzaren aurrean irtenbide politiko bat bilatzea. Nazioarteko Martxa honetaz gain, beste urte batzuetan bezala, diasporako kurduek aurrera eraman dituzten beste hainbat martxa ere abiatu dira Europako beste leku batzuetatik amaieran bat egiteko.
Nazioarteko Martxa Luze honetan mundu osoko kideak bildu gara kurduen aldarrikapenak babestu eta zabaltzeko asmoz. Besteak beste, Alemania, Portugal, Frantzia, Argentina, Andaluzia, Madril, Herrialde Katalanak eta Euskal Herria (eragile ezberdinetako 6 euskal kide internazionalistek hartuko dugu parte martxa honetan) eta, nola ez, kurduak. Aldarrikapen leloak, eztabaida ideologikoak eta elkarrizketak hizkuntza ezberdinetan partekatu ditugu. Hala ere, Ocalanen eta preso politikoen aldeko aldarrikapenek eta herri kurduaren eskubideen aldeko defentsak batzen gaitu. Lelo zaharrak dioen bezala, «elkartasuna da herrien arteko samurtasuna».
Presente dago Ocalan egun hauetan zehar. Goizean goizetik, Luxemburgon dagoen Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren aurrean bildu ginen elkarretaratze bat eginez. Ondoren burutu zen prentsaurrekoan nazioarteko ordezkaritzek hartu zuten hitza, elkartasun mezuak adieraziz. Kurdistaneko eragile ezberdinen eta Ocalanen ikurrak hartu eta dozenaka lagun abiatu ginen orduan Audun Le Tiche herrira. Bidean zehar «biji berxwedana Rojava» (gora Rojavako erresistentzia), «biji serok Apo» (gora «Apo» buruzagia) eta «jin, jiyan, azadi» (emakumea, bizitza, askatasuna) bezalako oihuak entzun ahal izan dira.
Datorren egunetarako hitzaldi eta tailer ezberdinak antolatu dira. Rojavako egoeraren inguruan, konfederalismo demokratikoaren oinarrien inguruan eta Jineoloji emakumeen zientziaren inguruan, besteak beste. Aukera paregabea Kurdistaneko borroka gertuagotik ezagutzeko.
Martxa Estrasburgon amaituko da hamar egun barru jaialdi eta manifestazio handi batekin. Bertan, asteazkenean abiatutako martxa ezberdinak elkartuko gara, Estrasburgoko kaleak aldarrikapenez betez, eta herri kurdua bakarrik ez dagoela argi erakutsiz.
*Maialen Kortabarria Hala Bediko kideari ARABA HIZPIDE-n egindako elkarrizketa entzungai:
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!