NATOren militarrak eta goi-karguak mobilizatu dituzte Arakako basera
Kontzentrazioa deitu dute NATOren eta militarren presentzia salatzeko. Ostiralean izango da Gasteizko Dato-Postas bidegurutzean, 19:30etan.
Urriaren 27tik mila militar baino gehiago mobilizatzen ari dira Béterako (Valentzia) NATOren kuartel militarretik Gasteizeko Arakako basera, eta azaroaren erdialderarte jarraituko dute etortzen.
Espainiako Armadak Euskal Herrian duen base nagusia da Arakakoa; bertan daude Euskal Herrian dauden 1.500 militarretatik 350. NATOren militarrak eta goi-agintariak trebatu eta maniobrak probatu nahi dituzte bertan, 2022tik aurrera eginkizun gehiago bete ahal izateko eta Espainiako Estatuaren eta NATOren arteko aliantza materializatu eta indartzeko.
Operazioek iraun bitartean, Gasteiz osoa eta inguruak militarizatuko dituzte, presentzia poliziala areagotuko dutela jakinarazi dute eta errepideetan kontrolak ugarituko direla. Ekarri dituzten militarrak Arakako basean egongo dira eta agintariak eta goi-karguak Gasteizko hoteletan.
Kontzentrazioa NATOren aurka
Elkarretaratzea deitu du Emakumeok gerraren aurka – Mujeres contra la guerrak ostiral honetan, azaroak 19, «OTAN ez! Ez Gasteizen, ez inon! Gaur inoiz baino gehiago» lelopean. NATOren eta militarren presentzia salatuko dute. 19:30etan da deialdia Gasteizko Dato-Postas bidegurutzean.
Askapena era batu da deialdira, «Euskal Herria militarizatzeko azken saiakera honi aurre egiteko asmoz». Azaldu dute potentzia inperialista handiek 1949an sortutako armada dela NATO, «garaiko askapen nazional eta sozialerako prozesuen aurrean, hegemonia kapitalistari eusteko»; eta estatu kideen «interes ekonomiko nahiz politikoak» eta «haien burgesiak» defendatzea izan da bere eginkizuna ordutik.
Gogorarazi dute, halaber, 1986an, Espainia NATOko kide bihurtu zenean, Euskal Herriak, Kataluniak eta Kanariek ezezkoa eman ziotela NATOra batzeko erreferendumari; baina, hala ere «NATOk gure lurraldea erabiltzen jarraitzen duela operazioetarako, hala nola Bardeatako basea eta, egunotan, Arakako base militarra».
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!