Mozal Legea ezarri diote Ernai Aiaraldeari Altsasuko gazteen alde egindako ekintza batengatik
Iragan ekainaren 7an Altsasuko gazteen aurkako epaiari erantzuteko eginiko ekintza baten harira zigortu dituzte Aiaraldeko gazte antolakundeko kideak.
Ekainaren 7an gazte talde batek elkarretaratzea egin zuen Laudioko Guardia Zibilaren kuartelaren aurrean Altsasuko gazteen absoluzioa eskatzeko, pankarta batekin Zumalakarregi etorbidea moztuz. Ertzaintzak momentuan identifikatu zituen gazteak.
Ekintza horren harira, “Mozal Legea” bezala ezagutzen den 2015/4 Hiritar Segurtasunaren Babeserako Lege Organikoa aplikatu eta isuna ezarri diete gazte antolakundeko kide bati, besteak beste trafikoan eragindako nahasmenagatik eta jakinarazi gabeko elkarretaratzea gauzatzeagatik.
Altsasu kasua
Apirilean Altsasuko 8 gazte epaitu zituzten, Madrileko Audientzia Nazionalean terrorismoa egotzita, 2016ko urrian Guardia Zibil batekin izandako taberna liskar bat dela medio. Epaia ekaina hasieran egin zen publiko, gazteak 13 eta 2 urte arteko zigorrera kondenatuta. Guardia Zibilak ekainaren 5ean atxilotu zituen.
Azaroaren 14an bete zituzten zortzi gazteetako hiruk 2 urte ziegan, espetxeratze-prebentiboan baitzeuden 2016tik. Egun, zazpi gazteak Zaballako espetxean daude, Araban.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!