Mozal legea aplikatzeagatik Kaleratzeak Stop-ek Jaurlaritzaren aurka jarritako salaketa epaiaren zain geratu da.
Eusko Jaurlaritza auzitara eraman zuen Kaleratzeak Stop Arabak plataformako sei kideri mozal legea aplikatzeagatik. Atzo ospatu zen hori ebazteko epaiketa eta epaiaren zain geratu dira. Etxegabetzeen aurkako plataformak elkarretaratzea egin zuen Justizia Jauregiaren aurrean.
2016ko udazkenean Alokabidek Zabalgana auzoko etxebizitzatik kaleratu zituen Anastasia eta bere seme-alaba adingabeak. Ehundik gora lagun elkartu ziren orduan etxegabetzea ekiditeko. Ertzaintza eta Gasteizko udaltzaingoa bortizki oldartu ziren familiari babesa adierazteko bertaratu zirenen aurka.
Kaleratzeak Stop plataformako sei kide izan ziren identifikatuak bertan “agintaritzari oztopoak jartzea” egotzita. Urtebetera, Mozal Legea bezala ezagutzen den Herritarren Segurtasunerako Legea baliatuz, Eusko jaurlaritzak jarritako 3.612 euroko isuna jaso zuten sei kideek.
Errekurtsoak aurkeztu eta Jaurlaritza sei espedienteetatik bost artxibatzera behartua izan da dagoeneko irregulartasunen ondorioz. Azken espedientea geratzen da ebazteko, hain zuzen atzoko epaiketan epaiaren zain geratu zen Maria Angelesen espedientea.
602 euroko isuna nahi diote ezarri Maria Angelesi 2016an Anastasiaren etxegabetzea gelditzen laguntzeagatik. Kaleratzeak Stop plataformako kidea da Maria Angeles eta isuna jaso zuen garaian Abetxukoko bere etxebizitzatik kaleratzeko mehatxua jaso zuen.
Elkarretaratzea Justizia Jauregiaren aurrean
Kaleratzeak Stop plataformak elkarretaratzea burutu zuen atzo Arabako Audientzia Probintzialaren atarian Maria Angelesi babesa adierazi eta Mozal Legearen auraka azaltzeko. 50 lagun elkartu ziren bertan.
Atzoko epaiketan plataformako 6 kideri ezarritako isuna “muntaia polizial baten ondorio” izan zela frogatzeko baliatu zuen Kaleratzeak Stop-ek.
Gaur egun Anastasiarena bezalako kasurik gertatuko ez liratekeela azaldu dute, epaileek bete beharra baitute gizarte-zerbitzuei ahultasun-txostena eskatu eta etxegabetzea hiru hilabetez eteteko, eta hori “borrokaren bidez lortu dela” azpimarratu dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!