Urteko bigarren erailketa matxista salatu du Mugimendu Feministak
Aurreko asteko Sestaoko erailketa salatu dute dozenaka lagunek eta "hitz hutsalen" atzean prebentziorako politika feminista errealak aldarrikatu dituzte. Gasteizko Mugimendu Feminista Martxoaren 8a prestatzen hasi da eta asanblada irekiak deitu ditu datozen egunetarako.
Aurreko astean 56 urteko emakume bat Sestaon (Bizkaian) erail zutela jakin ostean, Euskal Herriko Mugimendu Feministak mobilizazioak antolatu ditu leku ezberdinetan. Gasteizko kasuan, astelehenean, otsailaren 15ean, elkarretaratzea egin dute Andra Mari Zuriaren plazan.
Instituzioetako “hitz hutsalen” atzean prebentziorako politika feminista errealak behar direla aldarrikatu du Mugimendu Feministak, transbertsalak izango direnak eta hezkidetzan sakonduko dutenak: “Gizartearen erdiari eragiten digu zuzenean eta ozen salatuko dugu ez gaudela prest gaitz hau gehiago jasateko. Borroka feministaren aldarria egiten dugu gaurkoan ere gaitz honen aurrean benetako antidoto gisa. Egunerokoan hau hedatzen jarraituko dugu, txikitik handira”, adierazi dute.
Zentzu honetan, kaleak hartzeko eta autodefentsa feministari ekiteko deia luzatu dute.
Euskal Herrian indarkeria matxistak aurten hildako bigarren emakumea izan da Sestaokoa, eta 2003tik 109.a. Aurretik, Aintzane Pujanaren gorpua aurkitu zuten, Aizarnazabalen (Gipuzkoa). 32 urte zituen, eta ikerketaren arabera, bikote batek prostituitzera behartzen zuen. Urtarrilaren 2an hil zuten.
Martxoaren 8a prestatzeko asanbladak
Gasteizko Mugimendu Feminista aurtengo Martxoaren 8a prestatzeko asanbladak antolatzen dabil. Hori dela eta, asanblada ezberdinak antolatu dituzte hurrengo egunetarako: otsailaren 18an, ostegunean, 18:00etan eta otsailaren 21ean, igandean, 12:00eta. Asanblada hauek Hala Bedi irrati ondoko lokalean ospatuko dira (Bueno Monreal, 16) eta izena emateko gastizkomf@gmail.com-era idatzi beharko da.
⏳Badator Martxoaren 8a… Aurten zer?
Asanblada irekiak:
Otsailak 18 – 18:00
Otsailak 21 – 12:00#goraborrokafeminista pic.twitter.com/FVwl4Noa2n— Gasteizko MF (@GasteizkoMF) February 12, 2021
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!