Mendiak Askek hiru zentral eolikoen aurkako 15.000 alegazio baino gehiago entregatu ditu gaur Gasteizen
15.000 sinadura baino gehiago entregatu ditu gaur Arabako Mendiak Aske plataformak Espainiako Gobernuak Gasteizko Olagibel kalean duen Ordezkariordetzan. Arkamo, Iturrieta eta Labrazako zentral eolikoen proiektuak "berehala geldiaraztea" eta mendiak zeregin horretarako "bazterketa eremu" izendatzea eskatu dute.
Arabako Mendiak Aske plataformak 15.000 sinadura baino gehiago bildu ditu hilabete batean, Arkamo, Iturrieta eta Labrazako zentral eolikoen aurka egindako alegazioetan. Jasotako atxikimendu sozial horren sinadurak aurkeztu ditu gaur Espainiako Gobernuak Gasteizko Olagibel kalean duen Ordezkariordetzan.
Argitaratu zirenetik plataforma honek proiektu horien “kalte eta eraginen berri” eman du. Izan ere, haien hitzetan, ezinbestekoa da “berdeguneetan mota horretako azpiegitura grisak baztertzea, eremu natural horiek bizirik irautea ezinbestekoa baita lurraldeko bizitzari eusteko”.
Gizartearen babesaren aurkezpenean azaldu dutenez, zentralen eredu horrek “energia berriztagarrien balioak eta abantailak baliogabetzen ditu”, eta horien artean “banatutako sorkuntzan oinarritutakoa” eta “baliabide horren demokratizazioa” aipatu dituzte, “gaur egun horiek kontrolatzen dituzten oligopolioen boterearen kaltetan”.
Halaber, lurraldeko mendiguneetan proposatzen diren kokapenak azkenaldian ugaltzen ari direla ohartu dute, “gero eta ingurumen-balio handiko naturgune gehiago arriskuan jarriz”, haien ustez. “Energia sortzeko eta kudeatzeko eredu neoliberal zaharkitua jarraituz”, zentral onartezinen instalazioaren bidez “mendien industrializazioa” egin nahi dutela salatu dute.
Horregatik, arabarrok “natura-ondarea defendatzeko” lanean jarraitzera animatzen dituzte, Azazetako zentral eolikoaren aurkako herri-alegazioen sinadura bileta martxan dagoelarik.
Azkenik, duela hamabi urte leku horiek babestearen inguruan lortu zen adostasun kolektiboa, Eusko Legebiltzarrak eta Arabako Foru Aldundiak babestu zutela gogoratu dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!