Mendebaldea BHI ikastetxeko klaustroak gutuna igorri dio Hezkuntza Sailari
Mendebaldea BHI ikastetxeko klaustrotik gutuna igorri diote Hezkuntza Sailari. Asteartetik lana etxetik egiteko aukera izan dute, Covid-19aren aurrean hartutako prebentzio neurrien baitan. Martxoaren 12an, ordea, ikastetxera ohiko ordutegian joateko agindua jaso zuten. Hala Bedik Mendebaldea BHI-ko klaustroak idatzitako gutuna osorik jaso du.
Hezkuntza eta Osasun Saileko arduradun horiek:
Covid-19 koronabirusaren eraginez bizi dugun ezohiko egoera honen aurrean, Mendebaldea BHI ikastetxeko irakasleok eta langileok ondorengo eskaera egin nahi dizuegu:
Birusaren zabalkuntza dela eta, kontraesanak ikusten ditugu Osasun Sailak eta Munduko Osasun Erakundeak (MOE) ematen dituen gomendioen eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik jasotako aginduen artean. Hori dela eta:
Irakasle eta langile guztiok arriskugune honetara etortzen gara lanera eta ondorioz, ez al gabiltza birusa zabaltzeko arriskua handitzen, kanpoan bizi garenok gure herrietara itzultzean? Ez al genuke arrisku eremua murriztuko irakasleok etxetik bertatik lana egin ahal izango bagenu? Ez al litzateke egokiagoa Italian, Txinan zein Espainiar estatuko beste komunitatea batzuetan jadanik hartu dituzten erabakien bidetik jotzea? Zeri ari gara itxaroten? Zer gertatzen da arrisku-taldean dauden gure lankideekin? Zer gertatzen da arrisku-taldean dauden gure lankideen senideekin?
Are onartezinagoa iruditzen zaigu egoera hau, kontuan hartuta, gure ikastetxean asteartean hasi eta ostiralera arte, inongo arazorik gabe eta modu eraginkorrean irakasle asko etxetik lanean aritu direla, eta, orain, hezkuntza sailburuordearen aginduz gure ohiko ordutegian eskolara etortzera behartu gaituztela jakinda. Zein izan da irizpidea erabaki hori hartzeko? Ez al gara ba gaur eguneko hezkuntzan IKTen aldeko apustu bat egiten ari? Ez al ditugu ba gure ikasleak konpetentzia digitalean trebatu behar?
Lotsagarria iruditzen zaigu, halaber, Zuzendaritza taldea eta Zuzendaria bera guztiok lanera gatozela ziurtatzeko irakasleok kontrolatzera behartzea.
Hau horrela izanda, ondorengo eskaera egin nahi dizuegu: langileok etxetik lan egiteko aukera izatea, neurri hau bat datorrelako MOE Munduko Osasun Erakundearen eta Osasun Sailaren neurriekin.
Gure eskaera kontuan izango duzuelakoan, besterik gabe.
Mendebaldea BHI Klaustroaren izenean
Gutun hau Mendebaldea BHI ikastetxeko klaustroak idatzi du eta Hala Bedik bere osotasunean argitaratu du
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!