Martxoaren 3rako beroketa lanak egingo dituzte gazte esparrutik
Gazte Mugimenduko espresio ezberdinek mahainguruak, tailerrak eta bestelako ekimenak antolatu dituzte Martxoaren 3ko testuinguruan. Eguneko manifestazio nagusia 17:30ean izango da.
Izana Presente, Garena Borrokatu lelopean hainbat gazte eragile elkarlanean hasi ziren orain dela aste batzuk Martxoaren 3a prestatzeko: Ernai, Gasteizko Gaztetxea, Birjabetze Kolektiboa, Errekaleor Bizirik, Ikasle Abertzaleak… Hala ere, eragileetaz haratago, Gazte Mugimenduko espresio ezberdinak bildu nahi izan dituzte eta, beraz, eragileetan antolatuta ez dauden gazteak ere ari dira bertan parte hartzen.
Datozen egunetarako Arabako hiriburuan ekimen ezberdinak antolatzea lortu dute. Otsailaren 23an, larunbatean, hasiko dira ekimenekin. Egun horretan, Oroitourra egingo dute, 1976ko gertakariak eta testuingurua ulertzeko. Ostean, mahainguruak, tailerrak eta bestelakoak Gasteizko leku ezberdinetan, Gazte Blokearen markapean: grebetako testigantzak, emakumeen papera Martxoaren 3an, gazteen memoria Martxoaren 3arekin…
Martxoaren 3an bertan, igandean, sarraskiaren 43.urteurrenean, 17:00etan hasiko da Gazte Blokea Aiztogile kalean kokatuta dagoen Hala Bedi Tabernatik.
Aurreko urtean bezala, eguneko manifestazio nagusia ez da soilik sindikatuen ardura izango: eragile ezberdinak elkarlanean hasi ziren orain dela aste batzuk leloa, ildoak eta bestelakoa adosteko. Hau aurrerago egingo dute publiko, baina, bitartean, manifestazioaren ordua iragarri dute: igandean 17:30ean. Aurreko urtean Martxoaren 8ko Greba Feministak eraman zuen eguneko protagonismo nagusiena.
Bestalde, LAB sindikatuak Martxoaren 1ean ospatuko du ekitaldi nagusia, ostiralean: 12:00etan sarraskiaren plazan.
- Gazte Blokearen egitaraua
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!