Mañuetan babestutako zuhaitzak mozteagatik zehapen-espedientea ezarriko diote Iberdrolari
2022ko abuztuaren 22an, Mañuetako bizilagunek ohartarazi zuten Iberdrola Ebro ibaiaren ertzean 40 metroko makaldi bat mozteko lanetan ari zela eta legez kanpokoa izan zitekeela hori, Hegaztien Babes Bereziko Eremua baita espazioa. Goi tentsioko linea zabaltzeko egin zituzten lanak. Ekologistak Martxan taldeak salaketa jarri zuen, Iberdrolak ez baitzuen zuhaitzak mozteko baimenik, inausteko baino. Gainera, makalak moztu zituzten eremutik gertu hilda agertu ziren dozenaka arrain, uretatik kanpo; ondoren, ehundaka arrain topatu zituzten hilik Zirauntza ibaian, Araian.
Aste honetan, Arabako Foru Aldundiak zehapen-espedientea ireki dio Iberdrolari, bazekielako eremua babestua zela eta ez zituela bete beharrezko baldintzak. Baimena ez zen irmoa, gainera, ingurumen-baldintza horiek bete arte. Izapidetze-fasean dago une honetan espedientea.
San Asensio eta Torremontalbo (Errioxa) eta Mañueta (Araba) udalerrien artean erdi-tentsioko linea bat eraikitzea zen Iberdrolaren proiektua. Trazadura 2.987 metro izango lituzke airetik (horretarako 22 dorre eraikiz) eta 218 metro lurpetik; horietatik, aireko 158 metro airetik eta lurpeko 218 metro zeuden aurreikusita Mañuetako udalerrian.
Oposizioak eskatuta, azalpenak eman dituzte Eduardo Aginako eta Josean Galera Nekazaritza eta Ingurumen sailetako foru arduradunek. Elkarrekinek salatu du kendu behar zirenak baino zuhaitz gehiago kendu zituztela etaPPk, berriz, “koordinazio falta” egotzi die Aldundiari eta Mañuetako Udalari.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!