Manifestazio jendetsua egin zen atzo Gasteizen, Laboral Kutxari Zentro Sozialistaren desalojoa gelditzea eskatzeko
Gasteizko Zentro Sozialistaren desalojoa bertan behera uzteko exijitu diote Laboral Kutxari ehunka lagunek Gasteizen egindako mobilizazioan.
Gasteizko Kontseilu Sozialistak eta Errakik deituta eta Gasteizko Zentro Sozialistaren defentsan, manifestazioa izan zen atzo arratsaldean, irailak 12, Andre Mari Zuriaren plazatik hasita. 18:00etan hasi zen mobilizazioa, Laboral Kutxa, desalojoa gelditu! Gasteizko Zentro Sozialista aurrera! lelopean. Ehunka lagunek egin zuten bat deialdiarekin. Andre Mari Zuriaren plazan bertan amaitu zen mobilizazioa.
Hitzartzean, Laboral Kutxari desalojoa bertan behera uzteko exijitu ez ezik, borrokan jarraituko dutela berretsi dute Gasteizko Kontseilu Sozialistak eta Errakik, eta antolatzeko espazioen beharrezkotasuna azpimarratu dute. Era berean, langile kontrolpeko espazioak defendatzeko ahalmena handitzearen garrantzia mahaigaineratu dute, eta ezinbesteko eginbeharra dela aipatu: “Jakintza lortu, gaitasunak handitu, elkartasuna saretzeko bide eraginkorrenak topatu”.
Halaber, espazioen borrokei dagokionean, ikasturtea gogor hasi dela adierazi dute, eta gogoan hartu dituzte Errotxapeako Gaztetxea nahiz horren alde mobilizatu eta jazartuak izan diren gazteak. Bukatzeko, zentro sozialistaren eta langile kontrolpeko espazioen alde lanean jarraituko dutela adierazi dute manifestazioaren deitzaileek: “Azken finean, klase borroka bera, eta manifestazioan hainbatetan oihukatu den bezala, klase borrokan, bakerik ez dago. Gu borrokarako prest gaude”.
🎥[EUS / Subt. Cast]
Atzo @Errakibabes|ekin batera Gasteizen egindako manifestazioaren laburpen bideoa: pic.twitter.com/nouLlXPT69
— Kontseilu Sozialista Gasteiz (@Kontseilua_Gast) September 13, 2021
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!