Mairuelegorretako kobak prest, frankismoan jaiotako Euskal Jaia berriz ospatzeko
Datorren igandean hamaika lagun bilduko dira berriz ere Mairuelegorretako kobetan Euskal Jaia ospatzeko. 1963an, frankismoan, jaio zen jaialdi honek, gorabehera ezberdinak izan zituen, ezarritako mugak apurtuz eta etorkizunerako euskal kulturaren ondarea utziz.
Dena prest Zigoitian eta Mairuelegorretan iraileko bigarren asteburuan Euskal Jaia ospatzeko. Euskara eta euskal kultura oinarritzat dituen jaialdi honek 55 urte beteko ditu aurtengoan. Izan ere, 1963an Gorbeiako haitzuloetan egin zen lehenengo euskal jaialdia, erregimenaren aurrean euskal kultura eta hizkuntza aldarrikatzeko helburuarekin.
Frankismoaren garaia zen eta Manuel Iradier Txangolari Elkartearen babespean, ezarritako mugak apurtu eta beste mundu eta pentsamolde batzuen airea arnastu ahal izateko jarduera ugari martxan jarri ziren, kultura erabiliz horretarako. Gaur egun, esate baterako, ezinezkoa litzateke Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaz hitz egitea haren izena zeukan ganberako arte eszenikoen taldea gogora ekarri gabe.
Zenbait etenaldi gorabehera eta egoera politiko eta soziala aldatu bada ere, oraindik ospatzen den ekimen bat jaio zen horrela.
Antolakuntza bolondresa eta parte hartzailea
Antolakuntzaren lekukoa urtez urte aldatzen joan den ardura bat da. 1990. urtea izan zen mugarri nagusietako bat: Zigoitia Euskarazeko lantaldeak hartu zuen Euskal Jaia eta bestelako jarduera eta ekitaldiak kudeatzeko ardura. Lantalde horretatik Zigoitiako herritar ugari pasa dira, adin guztietakoak: belaunaldi ezberdinek mantendu dute bizirik taldea. Urteak pasa ahala, Euskal Jaiaren inguruan bestelako jarduera batzuk agertzen joan dira: Korrika bizikletaz, meza euskaraz, dantza erakustaldiak, herri kirolak… Guztiak euskara eta euskal kulturari bultzada emateko helburuarekin.
Antolakuntza guztiz irekia, bolondresek osaturikoa. Zigoitiako herritarrez osaturiko lantaldea da, baina Zigoitiako Udalak ere lagundu egiten du. Baina lana ez da lantalde finko batera mugatzen. Izan ere, antolakuntzatik azaldu dutenez, “herriaren erantzuna nahiko potentea izaten da jarduera guztietan. Lantalde nagusiak gidaturiko zeozer da Zigoitia Euskaraz, baina herri osoak erantzuten du”. Hala ere, gazteen presentzia indartzea beharrezkoa ikusten dute.
Asteburuko egitaraua
- Irailak 8, Larunbata (Ondategin):
19:00 Bocabeats taldearen emanaldia, Zigoitia aretoan.
20:00 Euskaraldiaren hamaikakoaren aurkezpena. Ondoren, poteoa txistu-txarangarekin.
- Irailak 9, Igandea (Euskal Jaia; Mairuelegorretako kobazuloan eta Ondategin):
11:00 Txalaparta, bertsolariak: Aroa Arrizubieta eta Asier Rubio; Oketa Alai dantza taldearen ikuskizuna; Ane Gebara, Zuriñe eta Fran Hesian (akustikoa), eta ezpatadantza Jare taldearekin.
15:00 Herri Bazkaria, Bengolarrako frontoian. Txartelak salgai 15 eurotan Bengolarra tabernan. Dantza plaza eta erromeria Laiotz taldearekin.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!