Maider Etxebarria Gasteizko alkate berriak fiskaltzara eraman du Judimendiko jaietako presoen aldeko ekimena
20:30etan presoen aldeko kalejira abiatuko da Andra Mari Zuritik Judimendira, eta ondoren ekitaldia eta brindisa egingo dituzte. Covitek publikoki salatu zuen jaietan ekimen hori deitua zegoela. Gorka Urtaranek ere eraman zuen fiskaltzara Judimendiko Jai Batzordea arrazoi beragatik 2018an.
Alkate postuan astebete baino gutxiago daramala, Maider Etxebarria PSEko alkateak fiskaltzari jakinarazi dio presoen eskubideen aldeko brindis bat eta ekitaldi bat egingo direla Judimendiko jaietan, fiskaltzak deliturik dagoen erabaki dezan. Etxexbarriak “guztiz nazkagarria” dela esan du “altura hauetan ETAko presoei gorazarre egiten dien” ekitaldi bat topatzea.Etxexbarriak “guztiz nazkagarria” dela esan du “altura hauetan ETAko presoei gorazarre egiten dien” ekitaldi bat topatzea
Covite Terrorismoaren Biktimen Elkarteak ekainaren 21ean egin zuen salaketa publikoa sare sozialetan. Ezker Abertzaleari leporatu zion edozein festa erabiltzea “ETAko presoen inpunitatea” eskatzeko, eta instituzio publikoei eskatu zien debekatu zitzatela halako ekintzak. Etxebarria alkateak esan du aztertuko dutela ea Judimendiko jaiek jasotako diru-laguntza publikoa ekimen horretarako erabili den, eta hala izatekotan dirua itzultzeko eskatuko dutela.
Gaur, ekainaren 23an, Andra Mari Zuriaren plazan euskal preso politikoen alde bilduko dira, ostiralero bezala, eta ondoren, 20:30etan “Ez daudenengatik” kalejira egingo dute plazatik Judimendiraino. Behin auzora helduta, brindisa eta presoen aldeko ekitaldia egingo dituzte gaueko 21:00etan.
2018an Gorka Urtaranek, alkate zela, salatu egin zuen Judimendiko Jai Batzordea, jaien egitarauan ekimen bat antolatu zutelako auzoko hiru preso politikoak auzora itzultzea eskatzeko. Urte hartan auzo elkarteak egitarautik atera zuen presoen aldeko ekitaldia.
Covite Irunberriko gertakarien liburu aurkezpenaren aurka
Judimendiko jaietako presoen brindisa salatzeaz gain, aste honetan sare sozialetan salatu du Covitek Joseba Sarrionandia Gasteizen izango dela datorren astean, liburu aurkezpen batean. Izan ere, astelehenean, ekainaren 26an, “Irunberri 1990: Arroilaren negarra” liburua aurkeztuko du Pako Aristi idazleak, Joseba Sarrionandiak lagunduta, Ignacio Aldekoa Liburutegian 19:00etan.
Sare sozialetan esan du Covitek espazio publikoak ez zirela erabili beharko “ETAren terrorismoa zuritu eta zilegiztatzeko”. Arabako Aldundiari eskatu diote liburu aurkezpena egiteko emandako baimena berriz aztertu dezala.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!