Lehen greba eguna Arabako erresidentzia pribatuetan “patronalaren blokeoaren” aurka
Grebak % 50eko jarraipena izan du, ELA sindikatuaren arabera. Mobilizazioa egin dute Gasteizen goizean, "lan hitzarmen duina" eskatzeko.
Lau urtetik gora daramatzate hitzarmena eskatzen Arabako adinekoen egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileek. Lan baldintza “erabat prekarioak” salatu dituzte ELA eta LAB sindikatuek urte hauetan, soldata baxuak, lanaldi luzeegiak, ratio altuak eta beste hainbat arazori lotuak. Sindikatuek salatu dute patronalak ” ez duela asmorik” egoitzetako lehen hitzarmena negoziatzeko, sindikatuetatik “gutxieneko hobekuntzak proposatzen direla eta patronalak apurrak besterik ez dituela eskaintzen”.
Arabako Foru Aldundiari dei egin diote esku hartu dezan, eta salatu dute Aldundiak enpresei irabaziak izatea baimentzen diela “adinekoei eskaintzen dieten zaintza prekarioari eta bizi baldintza txarrei esker”. Diru publikoa enpresa pribatu hauen eskuetan jarri izana leporatu diote Aldundiari. Kritikatu dute erakundeak “hitzarmena blokeatzearen erantzule” direla, bitartekaritza eta negoziazioa “erraztetik urrun, beste aldera begiratzen dutela” esanez.
Azaldu dute Arabako egoitzen lehen hitzarmena lortu arte egoera prekarioak bere horretan iraungo duela. Hitzarmenaren bidez arautu nahi dituzte “soldata duinak, ordutegi murrizketa, lana eta familia bateragarri egitea” eta beste hainbat neurri. Bihar, ekainaren 30ean, beste greba egun bat deitu dute ELA eta LAB sindikatuek.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!