Laudioko hainbat eragilek garbiketa ordenantza aldatzeko proposatuko dute plenoan, kartelak eta pankartak jartzea zigortzen duelako
Mozioa aurkeztu dute Laudiko hamaika eragile eta elkartek Udalaren Garbiketa ordenantza aldatzeko, kartelak eta pankartak jartzea zigortzen duelako.
2010ean ezarri zen egun indarrean dagoen “Kale garbiketa eta hondakin bilketako udal ordenantza”. Araudi horren arabera, “arau-hauste larria” da udalaren baimenik gabe kartelak eta pankartak jartzea, 750 eta 1.500 euro arteko isunez zigortua.
Laudioko hainbat elkarte eta eragilek, ordenantzak herriko kolektiboak zigorten dituela iritzita, Udal Osoko Bilkuran mozioa aurkeztu dute dokumentua aldatzeko. Aiaraldea Gaur hedabideari azaldu diotenez, azken hilabeteetan “herriko hainbat eragileetako kideak” identifikatu eta zigortu dituzte “kartel eta pankartak jartze hutsagatik”. Laudioko Mugimendu Feministari, esaterako, 3.000 euroko isuna jarri zioten, Martxoaren 8ko kartel bat jartzeagatik.
Gaur arratsaldeko plenoan proposatuko dute ordenantza aldatzea, arratsaldeko seiretan udaletxeko pleno aretoan. Bertaratzeko deia luzatu diete mozioaren egileek Laudioko bizilagun guztiei.
Mozioa sinatu duten eragileak:
- Avillo elkartea
- Aiaraldeko Mugimendu Feminista
- Altzarrate kirol elkartea
- Aiaraldeko Greba Batzordea
- Arabako Pentsionistak Lanean
- Aretako Gazte Asanblada
- Aretako Jai Batzordea
- Basalarrina Kultura Elkartea
- ELA sindikatua
- Ernai
- Etxerat
- Aiaraldeko Gazte Koordinadora Sozialista (GKS)
- Gure Esku Dago
- Ikama
- Ikasle Abertzaleak
- Kirikiño
- LAB sindikatua
- Laudioko Jaiak Koordinakundea
- Laudioko Mugimendu Feminista
- Laudioko Txosna Batzordea
- Laudioko Gazte Asanblada
- Orbeko Etxea
- Pinpili aisiladi taldea
- Sare herritarra
- San Joaneko Jai Batzordea
- Songilarren
- Untzueta dantza taldea
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!