Udaltzaingoak Laudioko Gaztetxea desalojatu du
Aste honetan bertan, Laudioko Udalak argia moztu eta desalojo mehatxua helarazi zion Gaztetxeari. 20 urte betetzen dituen Gaztetxeko kideek mobilizazioak iragarri dituzte.
Laudioko Udalak argia moztu eta desalojo mehatxua helarazi dio aste honetan 20 urte bete dituen Laudioko Gaztetxeari. Honen aurrean, lehen balorazio batean, asanbladako kideak Laudioko Gaztetxearen “defentsan” berretsi ziren.
Urtarrilaren 8an, ordea, herriko Udaltzaingoa Gaztetxera hurbildu da eta Gaztetxeko kideek sare sozialetan iragarri dutenez, hau desalojatu dute.
Laudioko Gazte Asanbladako kideek jakinarazi dute mobilizazioak egingo dituztela datozen orduetan.
20 urteko ibilbidea
2001ean jaio zen Laudioko Gaztetxea eta, beraz, urte berezi honetan 20 urte bete behar zituen Pandemiarekin erraza izango ez zen arren, Laudioko Gazte Asanbladak urteurrena ospatzeko dinamika martxan jarriko zuela iragarri zuen desalojoa baino egun batzuk lehenago.
Urteurreneko aazaldu zutenez, azken urtea ez da izan Gaztetxeko kideek nahi zuten bezalakoa, martxoan hasi ziren Kultur Etxeko obrek Gaztetxeko jarduna etetera behartu baitzituzten. Izan ere, pandemia hasi baino aste batzuk lehenago Udalak obrak Gaztetxea desalojatzeko baliatu nahi zituela salatu zuten. Asanbladak, azkenean, akordioa lortu zuen udalarekin, azken honek ziurtatu baitzuen Kultur etxeko obrak amaitzerakoan Gaztetxea erabiltzen jarraitu ahalko zutela.
Udalaren itxikeria
Kultur Etxeko obren lehenengo fasea bukatuta dagoen arren, udalak eraikinaren ateak 2023ra arte zabalduko ez dituela adierazi zuen orain dela aste gutxi, 2. fasea -barrualdeko lanena- bukatu arte. Horren ondorioz, zenbait eragile kultural biltzeko espaziorik gabe geratu dira eta, gaurtik aurrera, Gaztetxea ere egoera horretan dago.
Gaztetxeko kideek Aldundiak eta Udalak hartutako erabakiaren “arbitrariotasuna” salatu dute, KZ Gunea eta Euskaltegia bezalako espazioen erabilera errazteko lanak aurreratuko baititu.
“Argi dago Gaztetxetik kanpo nahi gaituztela eta espazioaren egoera helburu hori lortzeko aitzakia merkea baino ez dela” adierazi zuten Gazte Asanbladako kideek aurreko asteartean -urtarrilaren 5ean-.
Hori dela eta, espazioaren funtzionamendua berrartzea erabaki zuten, Laudiok espazio kultural eta politikoak behar dituela defendatuz: “Segurtasun eta osasun neurri guztiak betez, gaztetxearen ateak zabalduko ditugu berriro”. Hala ere, urtarrilaren 8an, ostiralean, Udaltzaingoak Gaztetxea desalojatu du.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!