Lau egun ezberdinetan egongo da 21. Korrika Araban
Bost egun beharko ditu Korrika-k Arabara iristeko eta Lautadatik sartuko da hau. Lau egun ezberdinetan egongo da euskararen lasterketa herrialdean eta azkenenengo egunean lehertuko da festa Gasteizen, apirilaren 14an.
Listo. Ondo gordetako sekretu handienetako bat publiko egin dute jada. 2.560 kilometro zeharkatuko dituen 21.Korrika-k badu ibilbidea. Garesen hasiko da apirilaren 4an eta Gasteizen amaitu apirilaren 14an. Hala ere, Araban sartzeko egun batzuk beharko ditu euskararen aldeko lasterketak: apirilaren 9an sartuko da lehenengoz herrialdean, Lautadatik.
- Apirilak 9, asteartea
Protagonismo berezia izango du Arabak egun honetan. Lasteketa Nafarroatik sartuko da herrialdean, Altsasutik. Hortik aurrera, lehenengo orduetan Lautadan izango da, orden honetan: Egino, Ilarduia, Araia (06:35), Zalduondo, Agurain (07:53), Zuhatzu (08:38), Dallo, Dulantzi, Egileta eta Azazetako mendatea.
Orduek aurrera egin ahala Mendialdean sartuko da Korrika: Birgara, Maeztu (11:30), Atauri (11:57) eta Kanpezu. Eta, ostean, Arabar Errioxan: Ekora (15:10), Binasperi, Lantziego (15:51), Bilar, Guardia, Leza, Samaniego, Abalos, Bastida, Rivas de Tereso eta Urizaharra.
Eguna amaitu aurretik, Trebiñun izango da: Armentiako Bentak, Franko, Trebiñu (22:13), Añastro eta Argantzon.
- Apirilak 10, asteazkena
Aurreko eguneko ibilbidea jarraituko du Korrika-k, oraingoan, Añanan. Langraitzetik (00:07) sartuko da eskualdean eta hortik Andarako bidea egingo du.
Gorbeialdea zeharkatuko du ostean lasterketak: Abornikano (02:22), Izarra (02:35), Murgia (03:22), Bitoriano, Ametzaga eta berriz ere Izarra. Hortik Aiaraldeara egingo du salto: Urduña (05:39), Amurrio (06:11), Aiara eta Laudio (08:30).
- Apirilak 11, osteguna
Bilbon sartu aurretik, Arabatik igaroko da lasterketa azken txanpan. Zehatzago, Aiaraldean egongo da egun honetan Korrika: Artziniega (08:57) eta Aiaratik Artziniegarako bidea egingo du.
- Apirilak 14, igandea
Gasteizen amaituko da Korrika egun honetan, baina eguna ez du Araban hasiko lasterketak. Apirilaren 13an, gauean, Zeanurin (Bizkaia) izango da lasterketa, eta orduek aurrera egin ahala Arabako hiriburura hurbilduko da hau. Otxandiotik Aramaiora (02:15), hortik Arrasatera…
Gasteizen sartu aurretik, Arabako herri gutxi batzuk zeharkatuko ditu goizean-goiz: Legutio, Urbina, Luko, Amarita, Erretana eta Durana. Gasteizen 08:22an sartuko da Korrika eta 12:30ean amaituko da.
Beroketa-lanak
2009ko 16. KORRIKA-n gertatu bezala, 2019ko apirilaren 14an Gasteizen amaituko da Korrika. Gasteizen bertan jakingo da KORRIKA-ren sekreturik handienetakoa: lekuko barruan ehunka kilometro egin dituen mezuaren egilea. Apirilaren 4an hasiko da hau mugitzen, Garesen, Nafarroan.
Gasteizko Alde Zaharrean egingo den KORRIKA prestatzeko aurkezpen irekia egingo dute datorren urtarrilaren 17an, ostegunean. “Euskaraldiaren hariari jarraika, Gasteizen amaituko den aurtengo KORRIKA berezia izango delakoan gaude eta hortaz, zuen parte hartzea funtsezkoa eta eskertzekoa da”, adierazi dute antolatzaileek. Aurkezpena Hala Bedi Tabernan izango da, 18:30ean.
Korrika-dendari dagokionez, abendu erdialdetik dago irekita Zapatari kaleko 20. zenbakian. Besteak beste, helduentzako eta haurrentzako arropak, biserak, lepokoak eta giltzatakoak daude bertan salgai. Ordutegiari dagokionez, ostegun eta ostiraletan 18:30-20:30 bitartean egongo da zabalik eta larunbatetan 11:30-14:30 bitartean.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!