Larunbatean izango da Arabako lurra defendatzeko manifestazioa
Araba Bizirik! plataformak deitutako manifestazioa egingo da bihar, urriaren 23an, Gasteizen. Mobilizazio nagusia Bilbo plazan hasiko da arratsaldeko 18:30etan, baina egun osoan zehar izango dira ekimenak.
Bihar, urriaren 23an, hitzordu garrantzitsua dute arabarrek: inguru naturala eta landa eremua defendatzeko manifestazioa deitu du Araba Bizirik! plataformak, lurraldean egin nahi diren makroproiektu suntsitzaileen aurka. Uztailean iragarri zuten deialdia plataforma osatzen duten AHT-rik EZ!, Arabako Mendiak Aske, Elikadura Iraunkorraren Aldeko Mugimendua eta Proiektu Honi Ez! kolektiboek, eta proiektu industrialen aurka egin duten kanpainako mobilizazio nagusia izango da.
Manifestazioa arratsaldeko 18:30etan hasiko da Bilbo plazan eta Andra Mari Zurian bukatu.
Egun osoko egitaraua
Manifestazioaz gain, egun osoan zehar izango dira ekintzak:
- 12:00etan traktorada Gasteizen zehar eta Iñaki Gil de San Vicenteren “Transitando el comunal como alternativa al capital” hitzaldia
- 13:30etan Mice-ren kontzertua
- 14:30etan bazkari autogestionatua (bakoiztak bere janaria ekarrita)
- 15:30etan kafea
- 16:00etan Ane Gebara ipuin kontalaria
- 17:00etan Yokerendan antzerkia
- 17:30etan kalejira gaztetxetik Bilbo plazara
- 18:30etan Manifestazioa Bilbo plazan eta, ondoren, ekitaldia Andra Mari Zurian
- 21:00etan, amaitzeko, A Triki Punk, Konpost eta Zero taldeen kontzertuak izango dira gaztetxean.
Jarduera guztiak, traktorada eta manifestazioa salbu, gaztetxean egingo dira.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!