Langile bat hil da Etxabarri Ibiñako Pepsico enpresan bihotzekoak jota
LAB sindikatuak ohar bidez jakinarazi duenez, Etxabarri Ibiñako Pepsico enpresan, Araban, langile batek bihotzekoa izan du bere lanpostuan lanean ziharduela.
LABek jakin duenaren arabera, Etxabarri Ibiñako Pepsico enpresako langile bat hil da gaur, maiatzak 11, bere lanpostuan lanean zela bihotzekoak jota.
Sindikatuak jakinarazi du lan karga altuak eta erritmo gogorrak salatzen dituztela bertako langileek eta esan du ez dela harritzekoa “laneko arrisku faktoreak medio, arazo kardiobaskularrak areagotzea eta bizi kalitatean eragina izatea, kasu honetan heriotzaraino”. 2022an 7 heriotz ez traumatiko eman dira Euskal Herrian lanpostuetan, arazo kardiobaskularrak eragiten dituzten arrazoi laboralak tarteko.
Egungo sistema neoliberalak, lan karga eta presio gero eta altuagoak, laneko arrisku faktore nabarmen bilakatu direla salatu du LABek oharrean eta patronalak horren aurrean neurririk hartu ez izana arbuiatu du: “Identifikatuta al dago arrisku hau prebentzio txostenetan? Horrela bada, aplikatzen al dira neurri prebentiboak? Tamalez, badakigu erantzuna”.
Eusko Jaurlaritzaren papera ere kritikatu du, lan osasun arloan “ia eskumen guztiak izanik”, Osalan eta ikuskaritzaren lana gero eta pisu handiagoa duen arrisku faktore honetara ez egokitu izanagatik. “Urkullu jauna patronalaren eskutik absentismoaren aurka ateratzen ikusi dugu berriki, noiz aterako da laneko erailketen aurka?”, galdegin du sindikatuak.
Administrazioei, lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen gaitz horri aurre egiteko azalpenak eta berehalako neurriak, benetako kontrola eta politika zehatzak eskatzen dizkiote eta dei egin dute datozen orduetan Pepsico-ko Enpresa Batzordeak antolatuko dituen mobilizazioetan parte hartzera.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!