Lanbideko langileek bulegoetako arreta-zerbitzua salatu dute, greba egunak jarraipen handia lortuz
LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek Lanbideko bulegoetan ezartzen ari den arreta-eredu berria salatu dute Araban ere jarraipen zabala izan duen grebarekin. Salatu dutenez, eredu berriak aldaketa nabarmenak eragingo ditu langile askoren lan-baldintzetan, eta hainbat puntu ez ditu aintzat hartuko: indarrean dagoen Lanpostu Zerrenda, lanpostuen monografiak, lan-kargen banaketa orekatua, bulegoetako edo lurralde-ordezkaritzetako eta zerbitzu zentraletako pertsonalaren zereginak. Zerbitzuaren kalitatea ere kaltetuko delakoan daude sindikatuak.
Lau sindikatuen eskaerak berdinak izan dira: eredu berriaren ezarpena bertan behera uztea eta negoziazio bat “hasierako puntutik” egitea, Lanbideren beharrak aztertzeko. Grebaren jarraipena %65ekoa izan da, lau sindikatuen esanetan.
Orain arte elkarrizketak izan dituzte Legebiltzarreko zenbait talderekin, Lanbideko Zuzendaritzarekin eta Enplegu Sailarekin. “Tamalez, eredu berriaren ezarpenak aurrera darrai oraingoz, eta gure eskariei entzungor egin diete”, gaitzetsi dute.
Azkenengo bileratik atera zuten ondorioa arreta-eredu berriaren ezarpena gelditzeko asmorik ez dutela da: “Lanbidek eta Eusko Jaurlaritzak argi dute arreta-eredu berria abian jartzeko bidean, ez dituztela langile gehienak alde izango”.
Era berean, mobilizazio gehiago aurreikusten dituzte.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!