Lanari ekin dio BATERA zaintza sare herritarrak
72 ordutan 2.000 bolondres saretu eta 20 auzotan antolatu ostean, zaintza lanei ekin die BATERA sare herritarak
Larunbatean aurkeztu zuten BATERA zaintza sare herritarra, Coronavirusaren krisiak sortutako zaintza-beharrak konpontzen laguntzea da sarearen helburua, «erakunde eskudunek konpontzen ez dituzten beharrak«. Sortzetik 72 ordu igaro direnean 2.000 bolondres saretzera heldu dira eta dagoeneko 20 auzotan daude antolatuta.
Ekimenaren koordinazio eremutik Gasteizko herritarren prestutasuna eta elkartasuna eskertu nahi izan dute: “Eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu ekimen hau errealitate bilakatu duzuen milaka Gasteiztarrei, hemendik aurrera lan asko dugu egiteko, beharra duten herritarrak zaindu ditzagun eta gu geu ere zaindu gaitezen”.
Covid 19-aren krisiak agerian utzi du herritarrek, instituzioen geldotasunari aurre hartuz, bere burua antolatu eta ekimen kolektibo propioak auzolanean garatzeko duten gaitasuna. “Lehendik ere gure gizartean existitzen zen baina gobernuek azken astetan egindako kudeaketaren ondorioz areagotu den hutsune nabarmena betetzeko sortu zen BATERA sare herritarra, inork irtenbiderik ematen ez dien Gasteiztar askoren oinarrizko zaintza beharrei erantzuteko hain zuzen ere” azaldu dute sareko kideek.
Lehen zaintza lanak
Behin sarea antolatuta lehen zaintza lanak burutzeari ekin diote BATERA osatzen duten milaka pertsonek. Bestelako ekimenak ere jarri dituzte martxan, hala nola, erosketa poltsa leiho eta balokietan eskegitzeko eskatu diete sareko kideei eta honen argazkia sare sozialetara igotzea. Sareari ikusgarritasuna eman nahi diote horrela eta “bizilagunek lehiotik begiratzean inguruan dituzten kideak identifikatzea“.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!