Lan-hitzarmenean lortutako akordioak bermatuko dituzten foru aurrekontuak eskatu dituzte Apdemako langileek
Gaur, asteartea, Arreta goiztiarreko zerbitzuko langileek elkarretaratzea egin dute Arabako Batzar Nagusien aurrean, Apdemarekin lortutako lan-hitzarmenaren akordioak bermatuko dituzten foru aurrekontuak eskatzeko.
Mobilizazio zaratatsua egin dute Arreta goiztiarreko zerbitzuko langileek Arabako Batzar Nagusien aurrean, lan-hitzarmenaren negoziazio kolektiboan Apdemarekin lortutako akordioak bermatuko dituzten foru aurrekontuak eskatzeko. Apdema elkarteak Arreta goiztiarreko zerbitzua kudeatzen du lankidetza-hitzarmen bidez. Zerbitzu horren finantzaketaren ardura Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearena da eta horren esku dago langileen lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea bermatuko dituen aurrekontuak onartzea.
Elkarretaratzea Arabako Batzar Nagusietan egin dute, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen aurrekontuen zuzenketa partzialak bozkatu dituelako gaur Gizarte Ongizaterako Batzordeak. Elkarrekin Podemos eta Alderdi Popularreko batzarkide taldeek zuzenketa bana aurkeztu dute, 350.000 euroko aurrekontuarekin, Apdemako Lan Hitzarmenean sinatutako lan baldintzak bermatzeko. Mobilizazioarekin EAJ eta PSEk ere aldeko botoa eman dezatela lortu nahi zuten langileek: “Apdemako langileok lehen lerroan gaude egungo pandemian, eta EAJk eta PSEk ikusezin egiten gaituzte Arabako aurrekontuetan, horregatik entzungo gaituzte”, azaldu dute.
“Gogoratu behar da Apdemako profesionalek foru titulartasuneko oinarrizko zerbitzu publikoetan lan egiten dutela, eta zerbitzu horien erantzukizuna Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeari dagokiola, eta, beraz, zerbitzu horiek finantzatzeko erantzukizuna administrazioarena baino ez dela”, adierazi dute Apdemako langileek. Hala ere, gogorarazi dute Gizarte Politiketako Diputatu Emilio Solak aurreratu zuela ez zutela aurreikusten dibertsitate funtzionalaren sektoreko langileentzako igoerarik. Horrela, azpikontratatutako langileen soldata-arrakala areagotzen ari direla salatu dute langileek, eta ez dutela errespetatzen Apdemako negoziazio kolektiboan lortutako aurreakordioa.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!