Laminorian eman diote hasiera “Babestu maite duzun mendia” dinamikaren edizio berriari
Larunbat honetan, martxoaren 25ean, Arabako Mendiak Aske plataformak hasiera eman dio “Babestu maite duzun mendia” mendi martxen edizio berriari. Helburua Araban ezarri nahi diren zentral eoliko eta fotoboltaikoen proiektuek arriskuan jartzen dituzten natur guneak ezagutaraztea da. Proiektu horiek oligopolioek sustatzen dituzte, plataformarn arabera, Eusko Jaurlaritzako eta Arabako Foru Aldundiko goi arduradunen oniritziarekin.
Uribarri-Jauregin egin dute lehen mendi martxa. Dozenaka mendizale elkartu ziren Laminoria inguruko mendietan bi ibilbide egiteko. Eremu horretan 8 aerosorgailuko eta 40 MW-ko potentziako zentral eolikoa da eraiki nahi dutena.
Eremu naturalak eta kontzejuen autonomia babesteaz gain, Aixeindar S.A. enpresaren lege-iruzurra salatu du Arabako Mendiak Askek. Izan ere, azaldu dutenez, Azazetako eta Laminoriako zentral eolikoak bi zentral ezberdin direla proposatzen du enpresak, “jakinda mendikate berdina partekatzen dutela, beraien arteko distantziak minimoak direla eta eneriaren ebakuazio azpiegitura amankomuna dutela”. Estrategia horrekin enpresak 16 aerosorgailuko zentral baten ingurugiro eskakizunak saihestu nahi dituela azaldu dute.
Hurrengo deialdiak
Apirilaren 1ean Aramaion bigarren mendi martxa egingo da Amurrion. Bestalde, “Lurraldearen defentsan, Euskal Herria Bizirik” ekimenak sustatuta maiatzaren 20an arratsaldeko 18:00etan Gasteizen burutuko den Euskal Herri mailako manifestaldian parte hartzeko gonbita ere luzatu dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!