‘Laatash’ filmak dokumental onenaren saria jaso du Elxeko 42. FICIE zinemaldian
Laatash (‘Egarria’ euskaraz) filmak FICIEn -Elxeko Zinema Independiente Nazioarteko Festibalean- dokumental onenari saria jaso zuen aurreko uztailaren 26an.
Epaimahaiak Elena Molinak zuzendu eta Arabako SEADen Lagunen Elkarteak ekoiztutako lana aintzat hartu zuen bere ebazpenean. FICIE Estatu espainioleko laburmetraien zinemaldi zaharrenetakoa da eta errekonozimendu handienetakoen artean dago.
14 minutuko laburmetraian, Molinak Tindufeko errefuxiatu saharauien kanpamentuetan ura kudeatzen duten emakumeen batzordeen lana jorratzen du eta, aldi berean, Algeriako basamortuan pairatzen den egarriaz mintzatzen da. Ur ezak sortzen duen egoera ere hizpide dute dokumentalean eta, 43 urte erbestean biziraun ondoren, askatasunaren eta menpekotasun gabeko bizitzaren egarria jorratzen dute.
Elena Molinaren zuzendaritzapean, Arabako SEADen Lagunen Elkarteak antolatutako Saharaz Blai ikusentzunezko lehiaketaren irabazleek, elkarteko bolondresek eta kanpamentuetako EFA Abidin Kaid Saleh zine eskolako ikasle zein irakasleek parte-hartu zuten grabaketan.
Cortada eta Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian izan ondoren, Laatash lanak hainbat sari jaso ditu. Besteak beste, publikoaren saria eta epaimahaiaren laburmetrai onenari aipamen berezia Andorrako Ull Nu Festibalean eta honako hau Elcheko FICIEn.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!