Korrika Txikia ospatuko dute ostegunean Gasteizen
Korrika Txikia 15:00etan hasiko da Zabalganan eta 32 ikastetxek hartuko dute parte lasterketan, haietako batzuk lehenengo aldiz. Baliteke formatu honetan ezagutzen den azken Korrika Txikia izatea.
Apirilaren 11n, ostegunean, Korrika Txikia ere Gasteiza iritsiko da, igandeko jaialdi handirako motorrak berotze aldera.
Azken kilometroa irakurriko duten bi ikasleek hartu dute hitza aurkezpenean, haiek irakurriko baitute azken mezua behin ibilbidea amaituta. Sebastian eta Miriam dira, San Martin ikastetxeko 3. mailako ikasleak.
“Jendea kontzientziatzea nahi dugu” azaldu dute bi gazteek. “Nire familia osoaren laguntza izan dut”, esan du Miriamek. “Fase ezberdinak izan ditugu lekukoa eramateko eta pozik nago guztiak gainditu ditudalako”, aipatu du Sebastianek. Izan ere, San Martin ikastetxeak hartuko du ostegunean azken lekukoa, baina 32 ikastetxe ezberdinek hartuko dute parte Korrika Txikian. Haietako batzuk berriak dira.
Ikastetxe ezberdinetako txikienek eskuz-esku pasako diote elkarri lekukoa 15:00etan Zabalgana hiribidearen sarreran (Antoniaren errotondan) hasiko eta 16:30ak inguru Plaza Berrian amaituko den lasterketan. Horren aurretik, nahiz eta hiriburuko auzo guztietatik ez pasa, Txagorritxu, Lakua, El Pilar, Aranbizkarra… zeharkatuko ditu Korrika Txikiak.
Behin lasterketa amaitu, jaialditxo bat egingo dute Plaza Berrian, DJ ezberdinekin lagunduta. AEK-k, bide batez, eskerrak eman dizkie ikastola ezberdinei, gurasoei eta irakasle guztiei: “Izugarrizko lana egiten dute”.
Eta, aurreratu dutenez, baliteke formatu honetan ezaguna den Korrika Txikiaren azken edizioa izatea: “Auzoka antolatzeko ideia aztertzen gabiltza”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!