Korda sortu da, Alde Zaharreko herri egituren espazio berria
"Auzoa bizitzaz bete nahi dugulako, merkantzia hutsa bihurtu nahi duten horien aurrean".
Ezusteko batekin hasi dira aurten Zaharraz Harro jaiak: txupinaren ostean, Bollerias plazatik kalejiran eta Melillako sarraskia salatzeko elkarretaratzearekin bat egin ostean, auzoarentzako berreskuratutako espazio berrira abiatu dira Alde Zaharreko bizilagunak, eta eta olio eta garagardo dastaketa egin dute han.
Korda da espazio berri horren izena eta Pinto kaleko 51. zenbakian dago. Alde Zaharreko herri egiturak garatu eta indartzeko sortu da; autogestioa, elkarlaguntza eta auzodefentsa “harilkatzeko”. Auzokideak bildu, elkartasuna antolatu eta borrokarako lekua izango da.
Zaharraz Harro jaien baitan, aste osoko egitaraua antolatu dute Kordan: asteartean, ekainak 28, auzolana; asteazkenean, ekainak 29, “Prezioen presioa” hitzaldia; ostegunean, ekainak 30, “Egunero jaten delako” afari-merienda; eta igandean, uztailak 3, destxupina.
Herri egiturak, zertarako?
Auzoan Bizi etxebizitza sarea, Herrizoma elikadura sarea eta Zaharraz Harro jaiak dira Alde Zaharreko auzoko herri egitura horiek. Behar material eta komunitarioak asetzea helburu duten sareak dira, bide horretan “guztia aldatzeko asmoz” antolatzen diren kolektiboak.
“Auzodefentsaz, autogestioaz eta elkarlaguntzaz komunitate politikoa sortu eta amesten dugun etorkizuna gaurdanik martxan jarriko dugu; konponbide kolektiboen beharra agerian utzita, egungo errealitatea errotik aldatzeko eta sistema gainditzera bidean proposamen iraultzaileak sortzeko“, azaldu dute Kordaren aurkezpenean.
Gosea, hotza, lehiakortasuna eta esplotazioa eguneroko ogi
Izan ere, egin duten irakurketaren arabera, azken hamarkadetako krisien aitzakiapean okertu egin dituzte langile klasearen bizi baldintzak: lan indarra salduta ere ez da etxebizitza eta elikadura bermatzerik, atzerritartasun legeek lan esklaboetara kondenatzen dute, zaintza lanen sostenguak lan jardunaldia bikoiztetara behartzen du, eta bizitza sozialaren merkantilizazioak konformismoa eta indibidualismoa errutik areagotu ditu. Errealitate hori Alde Zaharrean bertan ere gertatzen dela salatu dute, eta “auzokideon beharren kontra eta kanpoko interesen alde auzoa eraldatzeko pausuak etengabe ematen ari direla”. Testuinguru horretan egin dute Korda berreskuratzeko hautua.
Auzoan Bizi, Herrizoma eta Zaharraz Harro
Duela urtebete baino gehiago sortu ziren Gasteizko Alde Zaharrean Auzoan Bizi Etxebizitza Sarea eta Herrizoma Elikadura Sarea. Zaharraz Harrok, aldiz, 14. edizioa du aurtengoa.
Auzoan Bizi Gasteizko Alde Zaharreko etxebizitza sarea da eta auzokideen etxebizitza problematikei modu kolektiboan erantzutea du helburu. Horretarako autogestioan eta elkar laguntzan oinarritzen dira, asanbladara iristen diren etxebizitza problematikak modu kolektiboan erantzuten, dituzten tresnak erabiliz eta berriak sortzen saiatuz.
Herrizoma Elikadura Sareak, bere aldetik, elikadura beharrak kolektiboki asetzeko pausoak eman ditu azken urte eta erdian. Erosketa kolektiboak egiten dituzte eta ekoizpen propioak ere badituzte.
Auzoan Bizi eta Herrizomak TIRA jaialdia antolatu zuten martxoan elkarlanean, kolektiboak aurkeztea eta herri egiturak indartzea helburu. Herri bazkaria, jolasak eta kontzertuak egin zituzten Gasteizko Alde Zaharrean.
Horregatik guztiagatik auzokideok bildu, elkartasuna antolatu eta borrokatzeko espazio hau sortu da.
Herri egiturak garatu eta indartzeko espazio propioaren beharra dugu.
Auzoak herri egiturak behar ditu eta beraz, auzoak Korda behar du. pic.twitter.com/GBNA1bYb5D
— Auzoan Bizi Etxebizitza Sarea (@AuzoanBizi) June 27, 2022
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!