Kontzentrazioa egin dute Disport Eki enpresako nagusiaren aurka salaketa jarri duen lankideari babesa adierazteko
Kontzentrazioa egin dute gaur epaitegietan kirol-jardueretako langileek, Disport Eki enpresako nagusiaren aurka salaketa jarri duen lankideari babesa adierazteko eta langileen aurkako jazarpena salatzeko. Enpresa honen arduradunak urteetan zehar izan ditu langileekiko bortxazko jarrerak, irainak eta mehatxuak tarteko.
Kontzentrazioa egin dute gaur epaitegietan kirol-jardueretako langileek, Disport Eki enpresako nagusiaren aurka salaketa jarri duen lankideari babesa adierazteko. Urteak dira arduradun horrek jarrera bortitzak, erantzun txarrak, tonu irteerak eta mehatxuak darabiltzala bere menpeko langileen aurka, baina joan den ekainaren 24an langile bati egindako eraso bortitzak “marra gorri guztiak” gainditu zituela iritzita, salaketa jarri dio honek nagusiari.
Disport Eki enpresa, Arabako sektoreko handienetako bat izateaz gain, hainbat zerbitzu publiko kudeatzeaz arduratzen da egun; besteak beste, Gasteizko udal igerilekuetan uretako sorospen eta botikin zerbitzua. Langileek uste dute Udalak ezin duela permisiboki jokatu langileekiko jazarpen kasuekiko, haren ardurapean dauden zerbitzuetan.
Salaketarekin horrelako jazarpen kasuak publikoki gaitzetsi nahi dituzte, arduradunen partetik jarrera horiek normalizatuak daudela salatu eta langileekiko jazarpena behin betiko amaitu dadila exijitu.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!