Kontrol sozialaren kontrako fanzine kolaboratibo bat martxan
Gasteizko Udalak adimen artifizialarekin funtzionatuko duten bideobigilantzia kamarak instalatuko ditu. Eskubide politikoen aurkako erasoak eta kontrol soziala salatzeko, egitaraua antolatu du Gasteizko GKSk azaroan eta fanzine kolaboratibo batean parte hartzeko deia ere luzatu du kolektiboak.
Gasteizko Gazte Koordinadora Sozialistak kontrol sozialaren aurkako egitaraua aurkeztu du azarorako. Antolatu dituztenen ekimenen artean, zineforuma eta mahai-inguru bat tarteko, fanzine kolaboratibo bat egiteko deialdia luzatu dute. Horretarako, interesa duen orori fotomuntai, argazki edota ilustrazio bat bidaltzeko aukera ireki diote. Abenduaren 1ean publikatuko dute fanzinea, bidalitako proposamen guztiak bilduta.
IRAKURKETA | Gazte langile, kontrol sozialaren aurka antolatu!
[📄] pic.twitter.com/01XPGPpjbk
— Gasteizko GKS (@GKS_Gasteiz) November 6, 2022
Kontrol soziala da diseinu proposamenetan lantzeko gaia. Duela gutxi jakin izan da Gasteizko Udalak bi kamara berri instalatzeko asmoa duela 2023rako, inteligentzia artifizialean oinarritutako teknologia erabiliko dutenak. Urteak dira Gasteizen bigilantzia eta kontrolerako teknologien erabilera nabarmen areagotzen ari dela: segurtasun kameren hedapena, dronen erabilera poliziala edota udaltzainek soinean daramatzaten bodycamerak dira horren adibide.
Guzti hori “eskubide politikoen aurkako erasoa” dela azaldu du GKSk. Izan ere, hiria “leku seguruago bat” izango denaren ideia saldu bitartean, kriminalizazioan eta beldurraren hedapenean sakontzea da udal gobernuaren asmoa baliabide horiekin: “ez baitira denon ongizate eta segurtasunerako erabiltzen, kontrol sozialerako baizik”.
Fanzinean parte hartzeko
Helbide elektroniko bat jarri dute martxan fanzinera kolaborazioak bidaltzeko: gks_gasteiz@riseup.net. Azaroaren 27an bukatuko da epea proposamenak bidaltzeko. A3an eta PDF formatuan jasoko dituzte lanak (300pp, CMYK).
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!