Klask! irratsaioa fanzine bihurtu da: kalean da 0. alea
Udazkenean jaio zen Azido Beltza irratsaioa, Klask!ek agur esan eta gero. Orain, neguarekin batera, "Klask! Ume basatientzako doinu beltzak" fanzine proiektuak bideari ekin dio. Elkarrizketa egin diogu Hizpidean Igarki de Robles bultzatzaileari.
Klask! Hala Bedi irratiko saioa zena fanzine bihurtu da. Orain Azido Beltza irratsaioa gidatzen du esatari berak, Igarki de Roblesek, eta bidea egiten jarraitzen du Klask!ek ere: kaleratu berri dute fanzinearen 0. alea, 2023ko negukoa.
Bluesa, jazza, rhythm&bluesa, soula, funkya, reggaea… musika beltzaren hamaika aurpegiri buruzko testuak biltzen ditu fanzineak, 70 orrialdetan. Erreportajeak, elkarrizketak eta erreseinak dira oro har eta, musikari bezala, hura inguratzen duten azpikultura eta gai soziopolitikoei ere heltzen diete. “Modua aldatu arren, haren oinarriei fidela izaten jarraitzen du proiektuak”, sar hitzean bertan diotenez, do it yourself izpirituari eutsiz.
Hilabeteak eman dituzte fanzinea sortzen, “patxadaz, mimoz eta umiltasunez” eraiki nahi baita proiektua. Pixkanaka eta komunitatean. Horregatik, hainbat izan dira, Iggy Klask! bultzatzaile nagusiaz gain, kolaboratu duten lagunak: Ok!antza, Hala Bediko 3 kortxea saioko esataria; Eneko Alberdi, irratsaioko kolaboratzailea; Lola Shane; Mikel Makala; Lidia Insausti eta Tony Vardék sinatu dituzte testuak, besteak beste.
Irratiko kolaboratzaile gehiagok ere hartu dute parte. Old Tower Stuff disko dendako Rufok gomendio zerrenda bat osatu du (denda horretan bertan dago fanzinea eskuragarri, Gasteizko Alde Zaharrean) eta Lola Shanek, bestalde, emakume afroamerikarrek sortutako swing banden inguruko artikulua idatzi du, batzuk aipatzearren.
Klask! fanzineari, sortzeko motibazioei eta lantzen dituen edukiei buruz jarduteko, elkarrizketa egin diote Igarki de Roblesi Hizpidea magazinean. Bere musika zaletasunari buruz mintzatu da Igarki, musika beltzari buruz, eta beste hainbat konturi buruz. Entzun hemen elkarrizketa osoa:
Azido Beltza irratsaioa entzungai dago Hala Bedi irratian astelehenetan 15:00etan eta larunbatetan 17:00etan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!