Kateterismo bat egin diote larriki gaixorik dagoen Txus Martin presoari Txagorritxuko ospitalean
Eskizofrenia paranoidea, antsietate desorden orokorra, gutxiegitasun aortikoa eta bihotzeko gaitz bat izateaz gain, kondenaren hiru laurdenak beteta ditu Txus Martin presoak. Larunbatean Zaballako espetxera martxa egingo du Kalera Kalera dinamikak: bertan dago espetxeratuta Martin, Altsasuko zazpi gazteekin batera.
2002an atxilotu zuten Txus Martin Frantziako Estatuan eta, guztira, zortzi urtez egon da preso bertan. Haietako bost urte guztiz isolaturik, bisitarik gabe eta bakarturik izan zuten. 2006.urtean atera zitzaion gaitza: eskizofrenia paranoidea eta antsietate desorden orokorra ditu. 2010.urtean, berriz, Espainiako Estatuaren esku utzi zuten preso bizkaitarra eta Zaballako espetxean (Araba) dago gaur egun giltzapetuta.
Eskizofrenia paranoidea eta antsietate desorden orokorra izateaz gain, gutxiegitasun aortikoa ere badauka. Hori gutxi balitz, bihotzeko gaitz bat ere badu, eta horregatik eraman dute Txagorritxuko ospitalera asteazken goizean, kateterismo bat egiteko. Sare herritarrak agerraldia egin du ospitalean bertan. Gogora ekarri dute 17 urte daramatzala preso Martinek: “Buruko gaitzari bihotzekoa erantsi zaio orain”, salatu dute.
Hiru laurdenak beteta dituen larriki gaixo dagoen presoa
Aipatutako egoera larria gutxi balitz, zigorraren hiru laurdenak beteta ditu. Horregatik ere, haren askatasuna berehala eman dadin eskatu du Sare herritarrak, urtarrilaren 12an Bilbon egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia eginez euskal gizarteari.
Hori dela eta, haren askatasuna exijitu dute behin baino gehiagotan eragile ezberdinek, tartean, 3.000 sinadura entregatuz espetxe zuzendaritzari.
Inaxio Oiartzabal (@sare_herritarra) Txagorritxuko Ospitaletik
Gaur, hemen, Txagorritxuko ospitalean Txus Martin Hernando larriki gaixo den presoari kateterismo bat egingo diote. https://t.co/jefuOM1J7c #OrainPresoak #GaixoLarriakEtxera pic.twitter.com/FwSvq8zN1j
— Sare #OrainPresoak👌🗝🕊 (@sare_herritarra) December 19, 2018
Zaballara martxa larunbatean
Egun, zortzi euskal preso politiko daude Zaballako espetxean: Altsasuko zazpi gazteak eta larriki gaixorik dagoen Txus Martin bizkaitarra. “Ez da Ezker Abertzalearen auzia, Euskal Herrian, bizikidetza eta bakea lortzeko, denok dugu ardura aurreko zikloa era integral batean ixteko”, adierazi du Kalera Kalera dinamikak.
Azken urteetan ohitura bilakatu den moduan, Arabako kartzelara ere bertaratzeko deia egin du hortaz Ezker Abertzaleak. Aurreko urtean, adibidez, ehunka lagun bildu ziren espetxe gainean dagoen magalean ‘Euskal Presoak kalera’ irakur zitekeen pankartarekin, ikurrinekin eta bestelako aldarrikapenekin lagunduta.
Zaballako espetxera egingo duten martxa larunbatean izango da, abenduaren 22an. 11:00etan jarri dute hitzordua, Subillanan, baina bertara hubiltzeko autobus bat ere eskuragarri egongo da, 10:30ean aterako dena San Anton plazatik. Autobusean izena emateko, Txapelarri tabernan (Kutxi kalea) izena eman behar da.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!