Kaldearte jaialdirako gonbidapenak asteartetik aurrera eskuratu ahal izango dira
Ekainaren 11tik 13ra bitartean, Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldia Gasteizera itzuliko da, eta 33 konpainiaren 63 ikuskizun eskainiko ditu. Gonbidapenak asteartetik aurrera eskuratu ahal izango dira. through Alea.eus
Pandemiak eragindako egoera hobetzen doan heinean, kulturak eta arte eszenikoek berpizten jarraitzen dute. Testuinguru horretan, ekainaren 11tik 13ra bitartean ospatuko da Kaldearte, Gasteizko Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldia. 2020rako aurreikusitako konpainia batzuk berreskuratzeaz gain, hamar ikuskizun berri gehitu ditu XV. edizioak.
33 konpainiaren 63 ikuskizun aurkeztuko dira. Sei ikuskizun Espainia mailako estreinaldiak izango dira; eta horietako bi nazioarteko erabateko estreinaldiak dira. Gainera, zenbait ikuskizun Kaldearteren laguntzarekin ekoitzi dira. Nazioarteko bost konpainiez gain, Gasteizko lau eta Euskal Herriko beste probintzietako bederatzi izango dira. Beste hamabostak Espainiako estatutik iritsiko dira.
Ekainaren 8ko 9:30etik aurrera erreserbatu ahal izango dira Kaldearteko ikuskizunetarako gonbidapenak, Entradium plataformaren bitartez, Udalaren webgunean, edo 945 16 16 18 telefono zenbakian, 9:00etatik 14:00etara astelehenetik ostiralera. Pertsona bakoitzak ikuskizun bakoitzerako bi gonbidapen erreserbatu ahalko ditu gehienez; halaber, telefono dei bakoitzeko gehienez ere lau ikuskizunetarako gonbidapenak erreserbatu ahal izango dira.
‘Perceptions’
Bivouac konpainia frantsesaren eskutik, Perceptions ikuskizunak emango dio hasiera ofiziala programazioari, ekainaren 11n 21:00etan Iparraldeko parkean. Zirku garaikideko pieza horretan, publikoak irudimen kuantikoaren bihotzera bidaiatuko du aireko dantzaren, makila txinatarren, akrobazien, pianoaren eta zuzeneko musikaren bitartez.
Programazio oparoa
Ekainaren 11ko 18:00etatik aurrera, inaugurazio ikuskizunaren ostean eta asteburu osoan zehar, pertsona eta gustu guztientzako programazio zabala izango da:
- Zirkua: Circ Bover, Maite Guevara, Xampatito Pato, Dikothomia, UpArte, Mortelo & Manzani, Circo Eia, Murmuyo, Leandre Ribera eta Bucraa Circus taldeen eskutik.
- Dantza: Kukai Dantza, Tio Teronen Semeak, Isabel Vazquez, Titoyaya Dansa, Proyecto Larrua, Paloma Hurtado, Iron Skulls y Jose Uruñuela Dantza Kontserbatorioaren ikuskizunekin.
- Antzerkia: Hika Teatroa, Cristina Sole, Escandall Teatral, Trapu Zaharra, La Industrial Teatrera, Zurrunka Teatro eta Markeline konpainiekin.
- Musika: Señor Stets orkestra-gizona eta De Vacas laukotearen eskutik.
- Diziplinarteko ikuskizunak: Dela Praká, Berdinki eta Arriera konpainien eta Naoto Okada munduko yo-yo txapeldunaren eskutik.
Erdialdeko hamar gune
Jaialdia Gasteizko erdialdeko hamar gunetan egingo da, jende pilaketak saihesteko: Iparraldeko Parkea, Judimendiko Parkea, Berpizkundearen Plaza, Artium Museoaren barruko plaza, Falerina Lorategia, Santa Maria Plaza, Fray Sacarias kaleko Elur-Zuloaren ingurua, Florida Parkeko Kioskoa, Zulueta Jauregiko Lorategia eta Probintzia Plaza.
Edukiera mugatuko espazio horiek aire zabalean eta mugarrituta egongo dira, jendea eserita egon beharko da eta sartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik gonbidapena erreserbatzea. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren araudiaren araberako segurtasun neurriak ezarriko ditu antolakuntzak.
Doako aplikazio bat
Aurtengo berritasun gisa, Kaldeartek mugikorretarako doako aplikazio bat erabiliko du, ikuskizunen ordutegiak eta guneak kontsultatu ahal izateko. Eventool izeneko aplikazioa Google Play eta App Store plataformetan deskarga daiteke, Android eta Apple gailuetarako. Aplikazioa deskargatu ondoren, “Kaldearte” hitza idatzi beharko da jaialdiari buruzko informazioa topatzeko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!