‘Kaixo 78’ edo ‘Kaixo 2018’? Eman ongi etorria urte berriari Hala Bediren jaialdian
78ko erregimena erortzear dago… edo ez. Agian, akaso, igual, inoiz baino indartsuago dago. Eta Hala Bedi, ez da albo batean geldituko. Urtero bezala, urteari agur esateko eta urte berriari ongi etorria emateko, jaialdia antolatu dugu Hala Bediko kideok Jimmy Jazz aretoan, Errotako auzoan.
Aurtengo Gabon Zaharreko jaialdia, ordea, berezia izango da. 2018.urtea hasiko dugu (edo 1978.urtea?) eta, beraz, 35 urte beteko ditu Hala Bedik urte honetako abuztuaren 6an. Sorpresaz betetako urtea izango da, urteurrena aitzaki eta Herri Mugimenduko beste eragile batzuekin elkarlanean.
Jaialdia hasi aurretik, 23:00etatik aurrera irratsaio berezi batekin mahatsak jateko aukera izango dugu. Mahatsen ostean irekiko ditugu ateak eta hiru kontzertu ezberdin egongo dira: Errekaleorretik etorritako ‘Ni Yuta Ni Tuya’ (Kumbia Punk Feminista), ‘DJ Loro’ eta ‘Komando Klitorix’ekin amaituko dugu gaua.
Txartelak soilik Jimmy Jazzen
Gabon zaharrak etxe honekin ospatu nahi badituzu, aukera bakarra duzu jada sarrera eskuratzeko: Jimmy Jazzen bertan 01:00etatik aurrera. Gabon zahar egunean Jimmy Jazzen bertan erosi ahalko dira. Bazkideei sarrera bana bidaliko diegu datozen egunetan: oraindik HalaBelarri egiteko aukera duzu.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!