Justizia eske, Gasteizko epaitegien aurrean kontzentratzera deitu dute Memoria eragileek Martxoaren 3aren atarian
Arabako Batzar Nagusiek aurkeztutako kereila artxibatu izana salatu dute Argentinako Kereila aurrera eraman nahi duten Euskal Plataformako kideek. Besteak beste, Jacinto Lara edo Chato Galanteren babesa jaso dute. Martxoaren 2an egingo dute elkarretaratzea, Gasteizko epaitegien aurrean.
Gasteizko epaitegiak Arabako erakundeek 1976ko sarraskia argitzeko kereila artxibatzeko erantzuna eman ondoren, Frankismoaren Krimenen aurkako Euskal Plataformak abian jarriko diren ekimenen berri eman du, izen garrantzitsuak bildu dituen agerraldi batean. Besteak beste, bertan egon dira: Josu Ibargutxi, Frankismoaren Krimenen aurkako Euskal Plataformaren bozeramailea, Martxoak 3 elkartea bera, Chato Galante eta Jacinto Lara Bonilla, Espainiako Giza Eskubideen Aldeko elkarteko presidentea eta CEAQUAko abokatua (Coordinadora Estatal de Apoyo a la Querella Argentina).
Agerraldi hau, Martxoaren 3agatik Arabako Batzar Nagusiek aurkeztutako kereila artxibatu ostean egitea erabaki dute. Izan ere, Gasteizko epaitegi batek bost langileen hilketak preskribatuta zeudela ebatzi zuen orain dela bi aste. Orain dela urtebete, salaketa aurkeztu zuten Arabako Batzar Nagusiek, Aldundiak eta Gasteizko Udalak, baina Batzar Nagusiena artxibatu egin du Gasteizko 3. Instrukzio Auzitegiak.
Elkarretaratzea, martxoaren 2an Gasteizko epaitegien aurrean
Martxoaren 3aren atarian, elkarretaratzea deitu dute: martxoaren 2an, 12:00tan, Gasteizko epaitegien aurrean. Sindikatu, alderdi eta eragile guztiei mobilizazio honetan parte hartzeko deia egin diete. Urtero legez, Martxoaren 3ko ekimenek protagonismoa izango dute egun bat beranduago: aurrerago iragarriko ditu Martxoak 3 elkarteak berak.
Soziedad Alkoholika taldea, Martxoaren 3ra begira
Soziedad Alkoholika gasteizko taldeak diskoa estreinatuko du martxoaren 3an, eguna nahita aukeratuta. Izan ere, 1976ko martxoaren 3ko sarraskia izango dute gogoan diskoan. Horren adierazle, diskotik aurreratu duten abestia: ‘No olvidamos, 3 de marzo’
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!