Judimendiko “SUmendi” espazio autogestionatuak bere V.Urteurrena ospatuko du
Bost urte hauetan zehar auzolanak, tailerrak, bazkariak, formakuntzak eta milaka ikasketa elkarbanatzeko gunea bilakatu da SUmendi espazioa.
Bost urte igaro dira Gasteizko Judimendi auzoko gazte batzuek, Benito Ginea kaleko garaje ahaztu bat, espazio autogestionatu bilakatu zutenetik.
Mundu kapitalista batean, “aisialdi alternatiboa eta komunitatea eraikitzea izan da SUmendi proiektuaren helburua”. “Ateak ixten saiatu badira ere eta guri bost, hemen jarraitzen dugu Judimendiren alde lanean” berretsi dute.
Urte zail honetan, hilero ekintza ezberdinak eskaini eta besteak beste artisauen azoka ezberdinak antolatzeko gunea bihurtu dute Sumendi espazioa. “Bestalde, hausnarketa prozesu sakona bizi izan dugu proiektuaren norabidearen inguruan. Galdera nagusia argia zen, zer eskaini ahal dio Sumendik auzoari? Irailean, proiektuak martxa berri bat hartuko du eta denborak esango digu bide honetik goazen”.
Hortaz, bost urteko ibilbidea ospatzeko, “V. SUmendi Eguna” antolatu dute ekainaren 19an. Herritar orori luzatzen diete gonbidapena egun osoko egitaraua elkarrekin gozatzeko; goizean antzerki tailer batekin hasita, gero betiko jolasetara parkean arituz eta arratsaldean, Judimendiko plaza ezberdinak zeharkatuko dituen ospakizun ibiltariarekin.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!