Jesús Díaz de Heredia zendu da, dispertsioaren aurkako aurpegi ezaguna Gasteizen
Jesús Díaz de Heredia zendu da 91 urte zituela, Gasteizko euskal preso eta iheslari politikoen senideen borrokaren aurpegi ezagunenetako bat.
Jesús Díaz de Herediak eta Tere Ruiz de Arbulo emazteak espainiar Estatuko espetxe politikaren dispertsioaren aurpegirik gogorrena ezagutu zuten: kilometro luzeak astebururo, gurasoak espetxean zituen ilobarekin sarri.
Josu semea hogeita zortzi urtez izan zuten espetxean. 2013an askatu zuten, Parot doktrina anulatu zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren sententziarekin. Anaiarekin batera, zazpi egunez inkomunikatua izan zuten atxilotu ostean. Kartzelaldiko lehen zazpi urteetan Carabanchel, Alcala Meco eta Herreran izan zuten. Ondoren etorri ziren Malaga, Almeria, Jaen eta Topas.
Maite Diaz de Heredia, alaba, 2001eko urrian atxilotu zuten Amnisitiaren Aldeko Batzordeetan parte hartzeagatik, atxiloketa masiboak ohiko bihurtzen hasiak ziren garaian. 2007an Seguran, Batasuneko mahai nazionalaren aurkako polizia operazioan atzeman zuten berriro. Lehen auziagatik zortzi urteko espetxe zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak eta zigor hori erabat bete ostean atera zen kalera, 2013an.
Txema Matanzas, suhia ere atxilotu zieten 18/98 auziaren baitan. Hamar urte eta bederatzi hilabeteko zigorra ezarri zioten honi. Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak agindutako operazioa izan zen, 1998ko uztailaren 15ean, Egin egunkaria itxi eta hainbat lagun espetxeratu zituena. 2009an eman zuen epaileak behin betiko sententzia: 38 lagun zigortu zituen, Matanzas tartean, eta bederatzi absolbitu. KAS, Ekin eta Xaki legez kanpo utzi zituen.
Asteartean egingo diote agurra 12:00etan Albia ehorztetxean (Gamarra Plaza, 4). Hileta elizkizuna Gamarrako Elizan izango da 18:30etan.
🌹Jesús Díaz de Heredia zendu da. Zenbat alditan, ostiralero Gasteizen, bere pausuak jarraituz, kinkelaren atzean joan garen. Urte luzez semea, alaba eta suhia kartzelan ikusi dituen begi horien argia itzali da… baina erakutsi digun duintasuna ez da inoiz desagertuko. Inoiz ez. pic.twitter.com/u5m2DZ8Kws
— Lander 🔻🇨🇺 ✊🏿🔥 (@Landerlandia) October 23, 2022
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!