Jazarpen poliziala salatu du Gasteizko gaztetxeak
Azken hilabeteotan, Covid19aren aitzakipean mota eraso polizial konstantea jasan dutela salatu dute: isunak, identifikazioak, kontrol-saiakerak, ... Gaztetxea kriminalizatzeko beste saiakera bat dela iritzi dute eta larunbat honetan burutuko den "Lehertu Gasteiz" manifestaziora joateko deia luzatu dute.
Enegarren eraso poliziala jasan zuen Gasteizko gaztetxeak pasa den larunbatean, bertatik irtetzen ari ziren 4 lagun identifikatuz eta berriz gaztetxean egotea debekatuz. Horren atzean Gasteizko gaztetxearen kriminalizazioa, baina batez ere gaztetxe zein gune autogestionatuak itxita mantetzea bilatzen dutela salatu dute asanbladako kideek.
Pasa den urrian segurtasun neurri guztiak betetzen ari ziren hamaika lagun identifikatu zituen Gasteizko Udaltzaingoak, ondorengo isun eta guzti. Orduan, agintariek, “gazte-lokal” gisa katalogatu zituzten gaztetxeak, horrek ekartzen zituen debekatu eta mugekin. Orduz geroztik, polizia inpunitate handiagoarekin jokatzen ari da eta desalojo ilegalak etengabe gauzatzen dituztela gogor salatu dute. Asanbladako kideek argi utzi nahi izan dute Gasteizko gaztetxea ez dela erabilera pribatuko lonja bat eta ez duela osasun arriskurik suposatzen bertaratzen den ororentzat.
Argi utzi nahi izan dute ere Gasteizko gaztetxea eragile ezberdinen ezinbesteko topaleku dela, Alde Zaharrean 33 urtez lan egin duen espazio publikoa dela eta ez dutela gaztetxea itxita mantentzeko asmorik. Gainera, gaztetxea bezalako guneak gal ez daitezen, hauek defendatzeko hautua egin beharra dagoela gogorazi dute. Horren harira, “gune autogestionatuen eta okupazioaren aldarrikapenak kalera ateratzeko”, larunbat honetan Gasteizko kaleetan burutuko den “Lehertu Gasteiz” manifestaziora gonbidatu dituzte bertaratutakoak.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!