Jaialdia antolatuko du gaur Askapenak Gasteizko Gaztetxean, “herrietatik Europa berri bat eraikitzeko”
"Herrietatik Europa berria eraikitzen" jardunaldien baitan, egitarau oparoa prestatu du Askapenak gaur arratsalderako Gasteizko Gaztetxean. Azaroak 15 eta 16an jardunaldiak burutuko dituzte Iruñako Katakraken
“Nola egin aurre Europar Batasunaren eta Troikaren ofentsiba neoliberalari? Eskuin muturraren gorakadaren aurrean, nola eraiki langile klasearen kontzientzia kolektiboa? Nazio zapalduok badugu aukerarik geure burujabetza eskuratzeko egitura honen baitan?” Galdera hauei erantzuna bilatzen saiatuko da Askapena erakunde Internazionalistak “Herrietatik Europa berria eraikitzen” nazioarteko jardunaldien baitan.
Azaroak 15 eta 16an, burutuko dira jardunaldiak Iruñako Katakrak espazioan baina, gaur arratsalderako, azaroak 7, jardunaldien baitan egitarau oparoa prestatu dute Gasteizko Gaztetxean.
18:00etatik abiatuta Grezian eta Herrialde Katalanetan egondako brigadistekin Europan zeharreko borroka esperientzia desberdinak ezagutzeko aukera egongo da.
Aisialdiak ere tartea izango du Gaztetxeko jaialdian. 19:30etan rap tailerra egingo dute eta 21:00etan freestyle erakustaldian arituko dira Iñaki Viñaspre, Markel Yoller eta Amaia Merchan. 22:00etan ekitaldia burutuko dute Askapenako kideek, “langile klasearen aurkako inperialismoaren oldarraldi etengabe honi aurre egin eta Euskal Herritik, bestelako Europa bat eraikitzen hasi behar dela” azpimarratuko dute bertan.
Bukatzeko Kanadian Tinnitus bandak eta Zuretzako Mezau DJek gaua girotuko dute Gaztetxeko oholtza gainetik.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!