Izarrako GaztaEtxearen I. urteurrena ospatuko dute
Urtarrilaren 26an eta 27an ospatuko dute proiektuaren lehenengo urtebetetzea. Oraindik ere, desalojo arriskuan dago gazte lokala baina proiektu berriak jarri dituzte martxan eta gehiago dituzte aurreikusita.
Izarrako gazte lokalak, GaztaEtxea izenarekin batailatuta, urte bat bete du dagoeneko. Hori ospatzeko, urtarrilaren 26an eta 27an egitarau oparoa antolatu dute Izarran. Desalojo arriskua dela eta, azken orduetan aldaketa txiki batzuk egon dira eta herrian zehar burutuko dituzte ekintzak.
Ostiralean hasiko dira, txirringa martxa batekin eta pintxo lehiaketarekin. Larunbatean, aldiz, okupazio proiektu ezberdinen esperientziak elkarbanatuko dituzte eta bazkaria egingo dute ostean. Gauean, parrandarako tartea ere izango dute.
2016-2017 ikasturteko eguberritan okupatu zuen gazte talde batek hamar urtez hutsik zegoen eraikina. Bertan ez zegoen ezer, dena hutsik zegoen eta hankaz gora topatu zuten gazteek gazte lokala. Okupatu berri, bertan egin zuten lo gazteek, eraikina babesteko: “-11ºko tenperaturari egin behar izan genion aurrer. Animoak eta butanozko berogailu bat baino ez ziren gure baliabideak”, adierazi diote GaztaEtxeako kideek Hala Bediri.
Hilabeteetako lana dena txukuntzeko
Lehen hilabetetako lana dena txukuntzea izan zen: kablea jarri, garbitu… Baina dena ez zen konpontzera mugatu. Lokala atontzen zuten bitartean, proiektuak martxan jarri ziren parez-pare. Urkabustaizko ihauteri herrikoiak izan ziren lokala modu ofizialagoan irekitzeko eta aurkezteko unea.
Geroztik, hainbat proiektu eta ekintza ezberdin egin dituzte GaztaEtxean: UrkaRock, Gazte Eguna, pintxo-pote beganoak… Arteak ere bere lekua izan du; izan ere, paretak “ilusioz” bete dituzte mural ezberdinekin eta seriegrafia tailerra ere egin dute. Udan zehar, ateak irekita egon ziren, zinema herrikoi bat antolatuz.
Ikasturte honetako proiektuetako bat haurtzaindegia da. “Gurasoek lan egin edo kafe bat hartzen duten bitartean, umeak lasai eta jolasean daude gurekin jolasean”. Liburutegia ere forma hartzen doa herrriko jendearen ekarpenei esker eta hemendik gutxira kirol apurtxo bat praktikatzeko aukera izango dute herritarrek: kanasta, ping-pong mahai, porteria eta abarrez betetako txoko batean.
Udari begira, elikaduraren aldetik burujabetza landu nahi dute gazteek, baratza berri bat martxan jarriz. Baina proiektu txiki hauek biltzen dituen GaztaEtxea proiektu handia arriskuan dago.
Epaiketa eta isunak
Une honetan, egoera larrian dago GaztaEtxea. Urriaren 31n epaiketa bati aurre egin ostean, isunei egin behar diete orain aurre gazteek-1.440€ guztira-; lokala husteko agindua ere jaso dute jada.”Desalojoa une batetik bestera eman daiteke”, ohartarazi dute. Zentzu horretan, “herritarren babesa” behar dutela gogoratu dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!