Itzuli dira lanera Tubacexeko langileak, 236 eguneko grebaren ondoren
Langile batzordearen gehiengoak eta enpresaren zuzendaritzak akordioa sinatu zuten atzo. Kaleratzeak bertan behera uztea lortu dute Tubacexeko langileek, askok historikotzat jo duten greba luzearen eta hilabeteetako borrokaren ostean.
Gaur goizaldean hasi dira lanean berriro Laudio eta Amurrioko Tubacexeko langileak, 236 eguneko greba historikoa amaituta. Otsailean hasi zuten greba mugagabea, besteak beste, 129 langileren kaleratzea ekiditeko. Aiaraldeako greba batzordearen pankarta, txalo eta bengala artean sartu dira langileak plantan, eskualdean eta Euskal Herri osoan berebiziko oihartzuna izan duen borrokari beste behin babesa adieraziz.
Atzo sinatu zuten akordioa enpresa batzordeko gehiengoak eta zuzendaritzak. Ituna Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailak proposatu zuen. Jasotzen dituen neurrien arabera, enpresak EREa nulo deklaratu zuen epaiari jarritako helegitea erretiratuko du eta ez da nahitaezko kaleratzerik egongo. Gainera, inbertsioak eta enplegua bermatuko dira 2024rarte. Hala ere, egungo lan hitzarmena mantenduko den arren, 40 ordu gehiago egingo dituzte langileek urtean eta soldatak izoztuta egongo dira 3 urtez. 2025ean egungo hitzarmenaren baldintzak ezarriko dira berriro.
Enpresa batzordeak sindikatuen batzarretan afiliatuek egindako bozketek zilegitasuna zutela ebatzi zuen goizean eta, beraz, alde batera utzi zuten plantilla osoak bozkatzea. Proposamen hori CCOOk eta ATAL sindikatu independienteak jarri zuten mahai gainean, behar besteko adostasunik ez zegoela eta. Azkenean, akordioaren alde agertu dira. ELA hasieratik agertu zen itunaren alde eta afiliatuek ere baiezko botoa eman zuten. STAT eta LAB izan dira ezezkoa eman dutenak.
LABen arabera, “bidesari” onartezina eskatzen du enpresak: «onartezina» deritzo «Lan eta Enplegu Sailak lanaldia handitzea proposatzea langileak kaleratu nahi izan dituen eta azken urtean langile guztientzat lan-falta argudiatutako bi ERTE aplikatu dituen enpresa batean». Salatu egiten dute, halaber, «langileak sobera omen zeuden lantokietan lanaldia handitzea eta lan karga areagotzea enpresen bideragarritasunerako alternatiba moduan planteatzea».
Eusko Jaurlaritzaren papera ere kritikatu dute, LABek bezala enpresa batzordeak ere. Enpresak eskatuta hartu zuen Jaurlaritzak negoziazioan parte. Langileek zuzendaritzarekin lerrokatuta egon izana egotzi diote behin eta berriro. Gauzak horrela, atzo Lan Sailaren egoitzan ituna sinatu zutenean, sindikatuek uko egin zioten Jaurlaritzari argazkia oparitzeari. «Langileek izan behar dute protagonismoa orain, ez kanpoko eragileek. Gatazka hau lehenago konpon zitekeen enpresak eta Jaurlaritzak borondatea izan balute», salatu zuen Edu Ibernia Tubacexeko langile batzordeko presidenteak (ELA), BERRIAk jaso duenez.
Hilabeteetako borrokaren emaitzak
Enpresak kaleratzeei uko egitea borrokari esker lortutako «garaipena» dela argi dute Tubacexeko langileek eta Aiaraldeako biztanleek, eskualde osoaren eta beste enpresa batzuetako langileen babesaz lortua. Izan ere, akordioari buruzko iritzi ezberdinekin ere, Tubacexeko langileek, borrokaz eta prozesu horretan izandako batasunaz, multinazionalari irabaztea lortu dute, kaleratzeak ekidin dituzten heinean.
Gatazkak iraun duen 8 hilabeteetan zuzendaritzaren mehatxuak, jarrera harroputza eta inposizioak jasan behar izan dituzte grebalariek; baita poliziaren indarkeria, hedabideen kriminalizazioa eta manipulazioa ere, batzordeko kideen artean beldurra eta liskarrak zabaltze aldera. Hori guztia, erakunde publikoak patronalaren mesedetan lanean ari ziren bitartean. Hala ere, ez dute lortu langileen borondatea makurtzerik eta harro sartu dira gaur goizean lanera, 129 kaleratze ekidin ondoren.
Hori ez da, baina, hilabete guzti hauetako borrokak eman duen fruitu bakarra. Zuzendaritzari aurre egiteaz gain, eskualde osoa aktibatzea lortu dute langileen babesean, aliantzak indartzea langile klasearen baitan, beste enpresa eta mugimendu politiko eta sozialetako kideekin. Urte hasieran bizi zen etsipena, “grebek balio ez dutela” eta “multinazionalen aurka ez dagoela ezer egiterik” bezalako iritziak zabaltzera zeramana, irauli egin da. Aiaraldeako Greba Batzordeak komunikatu batean azaldu duen bezala, izan ere, “eskualdeko langile klasearen borroka honek, beste behin ere, erakutsi digu borrokak merezi duela eta eskualdeko ikasle, merkatari, pentsiodun eta oro har langile guztiak batuta asko lor daitekeela”.
Orain, Tubacexeko garaipenaren balioa aitortu, irakaspenak jaso eta etorkizunari begiratzeko garaia da, Batzordearen arabera: “Greba mugagabe honen amaierak ez du Aiaraldeako langileon borrokaren bukaera ekartzen. Hau ez da hemen amaizen.”
#Tubacex-eko greba mugagabea amaitu da.
Eskualdea goitik behera astindu duen olatua elikatzen jarrai dezagun, hemen ez da ezer amaitzen.#SOSAiaraldea
EZ GARA MAKURTUKO!ZUEN BORROKAZ HARRO GAUDE!✊ pic.twitter.com/oVaIA5MCzV
— Aiaraldeko Greba Batzordea (@AiaraldeaGreba) October 5, 2021
Así entraban hoy los compañeros a trabajar tras casi 8 meses de huelga (no pararemos de repetirlo)
AUPA ZUEK!!!
BORROKA DA BIDE BAKARRA#TubacexBorrokan pic.twitter.com/x9KzZRRQNY— TUBACEXenLUCHA (@tubace_xen) October 5, 2021
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!