Irlanda dugu berriro iparorratz
Aste honetan Catherine Connolly izendatu dute Irlandako presidente. Kargu-hartze diskurtsoa entzun nuen, jakin-mina neukalako Irlandako ezker guztiak babesturiko hautagai independenteak zer esango ote zuen. Ezker guztiak, bai: hasi Sinn Feinean, segi Laboristekin eta buka berdeekin nahiz People before profit alderdi jatorri troskistakoarekin.
Kargu-hartze diskurtsoa entzun nuen beraz, eta gustatu zitzaidan, erdizka baino ez nuelako ulertu. Bai, bai, hala da: gustatu zitzaidan, erdizka baino ez nuelako ulertu.
Ulertu nuen erdian, Connollyk ezkerreko diskurtsoa egin zuen, gaur egun dauzkagun arazoei erreferentzia eginez: etxebizitza oinarrizko giza eskubide gura du, munduan diren arazoei bizkar emango ez dien gizartea gura du, behetik gora eraikitako gizartea, zeinean aniztasuna eta tolerantzia ardatz izango diren. Jasangarritasunaren alde agertu zen, baita gerren eta genozidioen kontra, Irlandako historia aipatuta: bere presidente berriaren esanetan, kolonialismoa jasan eta hari erresistentzia egin dion herria da Irlanda. Horregatik guztiagatik, Irlanda batzearen alde lan egingo duela agindu zuen, gatazkak konpontzeko dagoen bide bakarretik abiatuta: bide baketsua.
Ulertu nizkionak, beraz, gustatu zitzaizkidan. Sinatzeko modukoak dira, zinez. Ulertu ez nizkionak, horiek ere oso gustukoak izan ditut… zer esan zuen azaldu didatenean.
Hasteko, diskurtsoaren erdia gaelikoz egin zuen Connollyk. Baina sinbolismo horretatik harago, hauxe agindu zuen: bera presidente dela, lehen mailako hizkuntza izango dela gaelikoa, presidentearen jauregiko lan hizkuntza. Hemengo inongo lehendakariri entzun gabeko hitzak dira horiek, nahiz eta, momentuz behintzat, gure euskara Irlandako gaelikoa baino osasuntsuago dagoen.
Inongo lehendakaririk ez du esan, inongo lehendakaririk ez du agindu, inongo lehendakaririk ez du horrelakorik egin: euskara duindu eta balioetsi, lan hizkuntza bihurtuta. Esate baterako, gaur da eguna Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak nagusiki gaztelaniaz lan egiten duena. Gaztelaniaz pentsatu, sortu, idatzi, eta, prozesuaren amaiera-amaieran, emaitza euskaratu. Egoera hori kritikatu zuen Connollyk bere diskurtsoan, gaelikoari buruz hauxe esanda: “gutxietsia eta bigarren mailakoa izan da, merezi duen errespetua eskuratu gabea”.
Besteek hizkuntza balioestea eta errespetatzea gura badugu, horretan jarri beharra daukagu: sinbolikotik atera eta lan hizkuntza bihurtu, bakoitzak bere esparruan. Hain justu, gure gobernu, aldundi eta udaletako bulego gehienetan egiten ez dena: euskaraz lan egin. Horixe, beraz, euskararen egoera: bigarren mailakoa, merezi duen errespetua eskuratu gabea. Baina kasu! Ez begiratu beste inora! Gu geu gara euskara bigarren mailako egiten lehenak.
Bere diskurtsoaren amaiera-aldera, Irlandako presidente berriak zubia eraiki zuen, 1916ko Pazko matxinoengana ailegatzeko: Tir gan teanga, tir gan anam esanda. Hau da: hizkuntzarik gabeko herria, arimarik gabeko herria. Gauza guztiak ez daude gure esku, baina hau bai: gure esku dago, herria zein hizkuntzatan eraki gura dugun erabakitzea.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!
